Sanferminak ospatuko direla ziurtatu du Enrique Maia alkateak: "Ikusiko dugu noiz"

Euskalerria Irratia 2020ko mar. 23a, 13:50

Herritarrei eta negozioei lagutzeko neurri ekonomikoak iragarri ditu Maiak. Udalaren lehen kalkuluen arabera, jarduera ekonomikoa murritearen ondorioz, hilean lau milioi euro inguruko diru-sarreren galera egongo da.

"Ziurgabetasun handia dugu, ez dakit zenbat iraungo duen honek, ez naiz birusetan espezialista, baina bai badakit hau amaitzen den unean Iruñea hiri prestatua izango dela bizi dugun egoeratik aurrera ateratzeko", adierazi du Maiak, ateak itxita egindako prentsaurreko batean, zeina internet bidez transmititu den.

Alkateak eskerrak eman nahi izan dizkie herritarrei alarma egoeraren lehen egunetan izandako "heldutasunagatik eta jokabide eredugarriagatik", eta eskerrak eman dizkie, halaber, "dena ematen” ari diren osasun eta gizarte arloko langile guztiei, poliziei eta garbiketa zerbitzuei.

Sanferminei dagokienez, Maiak adierazi du ez dakiela zein izango den egoera uztailean, eta Iruñean txupinazoa hilaren 6an botatzeko moduan egongo diren ala ez, baina hala izan dadin "lanean" ari direla azpimarratu du. "San Fermin egongo da, ikusiko dugu data horretan edo beste batean”.

Bestalde, alor ekonomikoan, lehen kalkuluen arabera, hilean 4 milioi euro inguru dira jarduera murriztearen ondorioz izandako diru sarreren galerak. Alkateak iragarri duenez, udala neurri ekonomikoak hartzeko lanean ari da —besteak beste, zergak atzeratzea eta agian baita murriztea ere—, pertsonei eta enpresa txiki eta ertainei laguntzeko, osasun krisiaren ondorioz izango duten diru-sarreren murrizketari aurre egiteko. Ildo beretik, haur-eskolen, musika eskolen, kiroldegietako abonuen eta eskaini ezin diren beste zerbitzu batzuen ordainagirietan dagozkien deskontuak geldiarazteko lanean ari direla jakinarazi du.

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!