Umorea eta aldarrikapena uztartzen dituen ikuskizun bat da Intujai teatro taldearen Ama Alu Lur lana. Albiste bat da obraren abiapuntua: Oreretako Aitzbitarte IV kobazuloan duela 14.000 urteko pintura paleolitikoak aurkitu zituzten 2017an. Margo guztien artean, alu bat zegoen.
Antzezlana albiste horretatik abiatuta garatuko da. Espe eta Leo espeleologoek aurkikuntza hori egin, eta bidaia bat abiatuko dute emakumearen historian.
Zuzendaria May Gorostiaga da, eta aktoreak Beatriz Larrañaga eta Itziar Saenz de Ojer. Bi espeleologoren rola eginez, aztertuko dute zer aldatu den historian emakumearen gorputzak sinbolismo eta garrantzi hori izatetik, sistema patriarkala gizartean errotu arte. Modu horretara, aldarrikapena egiteko eta hausnarketa bultzatzeko baliatuko dute antzerkia, betiere umorea baliatuta.
Gaur, arratsaldeko zortzietan Nafarroako Antzerki Eskolan eskainiko dute lana. Irriziklo programaren hurrengo emanaldia datorren asteazkenean izango da: Ion Martinez Esnaola Txiki-k 40 urte eta aldapan behera niek! bakarrizketa eskainiko du.