Iruñeko Udalak eta Nafarroako Ateneoak euskarazko errezitaldi poetikoa antolatu dute gaurko, Kondestable civivoxean. Antxiñe Mendizabal idazleak eta Okina Salazar ilustratzaileak argitaratutako Emakume burugabea ipuin-olerkian oinarritzen da. Emanaldia arratsaldeko 19:30ean hasiko da, eta sarrera librea izango da, aldez aurretik gonbidapena eskuratuta.
Ikuskizunak hitza, mugimendua eta musika uztartzen ditu. Bere gorputza okupatu behar duen emakume bat da protagonista. Liburuan jasotako kontakizuna metafora bat izan daiteke, baina, era berean, emakume askoren egunerokotasunetik oso gertu dauden bizipenen testigantza ere izan daiteke, askatasunaren eta maitasunaren aldeko kantu bihurtuta. Mendizabalez gain, Nerea Gartziak eta Pello Ramirezek parte hartzen dute errezitaldian. Oier Gillan da zuzendari artistikoa eta argiztapena eta soinua Iñaki Ziarrustaren ardura izan da.
Mendizabalek txikitatik izan du idazteko zaletasuna. Hortik datorkio kazetaritza bokazioa eta literatur munduan azkar murgildu izana. Herriko historia gaiak jorratzen hasi zen: II Errepublika Urretxun eta Zumarragan, trikitixa, baserriak edota Zumarragako ezpata-dantza. Ene amak ez du erremediorik, Lotsatia naiz, eta zer? eta Katti beti endredatzen fikziozko lanak ere argitaratu ditu.