Inauterietako kalejiraren aurka oldartu zen poliziaren lana "eskertu" dute Navarra Sumak eta PSNk

Euskalerria Irratia 2020ko ots. 25a, 13:57
  • "Ezker abertzalearen inguruneak" eragindako "indarkeria" gaitzetsi du Iruñeko Udalak, adierazpen baten bitartez.
  • Zauritutako Espainiako poliziei elkartasuna adierazi diete. Testuan, ordea, ez dute poliziak zauritutako gaztea aipatu. 
  • Adierazpenak aldeko zazpi boto (Navarra Suma eta PSN), kontrako hiru (EH Bildu) eta abstentzio bat (Geroa Bai) jaso ditu. 

Iruñeko Udaleko Presidentetza Batzordeak Navarra Suma udal taldeak aurkeztutako premiazko adierazpen bat onartu du, "inauterien ospakizun herrikoian, ezker abertzalearen inguruneak eragindako indarkeriazko gertakariak" gaitzetsiz. Navarra Suma eta PSN taldeen aldeko botoekin eta Geroa Bairen abstentzioarekin, zauritutako Espainiako Poliziari "eskerrak" ematen die udalak, "Iruñean ordena berrezartzeko" egindako lanarenatik. 

Horrez gain, Presidentetza batzordeak elkartasuna adierazten die "inauteriez gozatzen kalean lasai-lasai zeuden herritarrei eta indarkeriazaleek kaltetutako saltokiei". Espainiako Poliziak zauritutako gazteari buruz ez da ezer aipatzen testuan.

"Iruindarrak izutzen saiatzen dira; eta, beste behin ere, Iruñeko herritarrek eta saltokiek pairatzen dute", dio onartu duten adierazpenak. Proposamenak aldeko zazpi boto (Nafarroa Suma eta PSN), kontrako hiru (eh Bildu) eta abstentzio bat (Geroa Bai) jaso ditu, Iruñeko Udalak ohar baten bidez jakitera eman duenez.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!