Gaur aurkeztu dituzte aurtengo Ikuspuntu jaialdiaren xehetasun guztiak. Oscar Alegriaren Zumiriki filmak zabalduko du jaialdia astelehenean, eta larunbatera arte iraungo du.
Beti bezala, zazpi sailetan banatuko dute festibala: Sail Ofiziala, Atzera Begirakoak, Dokbizia, Ikuspuntu Labs, Foku Garaikideak, Saio Bereziak eta Hezkuntza Programa. Itsasoaren kontzeptuak zeharkatuko ditu horiek guztiak. Sail Ofizialean hamabost herrialdetako 23 film lehiatuko dira, eta horien artean hiru estreinaldi egongo dira. Garbiñe Ortega zuzendariaren hitzetan, “inoizko bildumarik anitzena” izango da.
Aurten emakumeek pisu handia izango dute jaialdian. Besteak beste, Sail Ofizialeko hamabi lan emakumeek zuzendutakoak izango dira, eta hiru Atzera Begirakoetan andreak izango dira protagonista. Hala ere, zuzendariak azpimarratu du ez dela bilatutako zerbait izan, halako zinema "libreagoan" andre ugari daudela.
Gaur bertan argitaratu dute jaialdiaren aurtengo publikazioa. Aurten Ute Aurand, Helga Fanderl, Jeannette Muñoz zinemagile alemaniarrei eta Renate Sami txiletarrari eskaini diete, Atzera Begirako garaikidearen protagonistei.
Sail Berezien artean azpimarratzekoa da aurten X Films proiektuak hamar urte beteko dituela. Hori dela eta, iazko edizioa irabazi zuen pelikula aurkeztuko dute: Maddi Barberren Rojo. Nabarmendu beharreko beste atal bat da Paisaia izenekoa. Sail horretan Euskal Herriko zinemagileek memoriaren kontzeptuaren inguruan egin dituzten lanak aurkeztuko dituzte.
Sarrerak salgai, webgunean eta Baluarten
Festibalean nazioarteko jaialdien programatzaileak, zinemagileak, produktoreak, artistak eta akademikoak izango dira, bai eta sail ofizialeko zuzendariak eta beste sailetako protagonistak ere; eta 170 zinema ikasle izango dira egunero jaialdian. Jarduera guztietarako sarrerak salgai daude dagoeneko webgunean eta Baluarteko leihatilan, eta jaialdiaren bitartean ere erosteko aukera izango da.