Juan Gorritik 'Araizko bailaratik Iruñeko Ziudadelara' erakusketa jarri du ikusgai

Euskalerria Irratia 2020ko ots. 21a, 13:38

Erakusketak lotura handia du naturarekin, artistaren bizitzarekin eta denborarekin. Ziudadelako labean eta kanpoaldean ikus daiteke.

Iazko ekainean Azkueko inguruan, mailoen azpian, jarri zituen artelanak dira orain Juan Gorritik Iruñera ekarri dituenak. Araizko bailaratik Iruñeko Ziudadelara izenburupean, hainbat pieza primitibo eta deigarri jarri ditu Ziudadelako labean eta kanpoaldean.

Naturarekin harreman handia duten piezak dira, eta artistak dioenez, lurrarekin, euriarekin, suarekin eta denborarekin sortu ditu. Bere bizitzarekin estuki lotuta daude obra guztiak, Gorritik sentimenduetan eta oroitzapenetan oinarriturik sortzen baititu artelanak; esan duenez, hitz bidez zail egiten zaio haien esanahia azaltzea.

Zurez egindako ehun pieza ingururekin osatutako bi cromlech dira erakusketan ikus daitezkeen obra nagusiak. Artistak azaldu duenez, behin norbaitek esan zion Nafarroan ez zegoela cromlechik, eta erabaki zuen hark egingo zituela. Labearen barruan kokatu du sei metroko diametroa duen bat, eta kanpoaldean, hamar metroko diametroa duen beste bat.

Kanpoaldean ere, giza irudia duten zortzi eskultura jarri ditu, antzinako gizakietan oinarrituz. Horiekin batera, artzainek gazta egiteko erabiltzen zuten malatxa bat eta bi totem jarri ditu, eta baita behi handi bat ere, bi enborren gainean. Pieza horietako hainbat urdinez margotu ditu, beste erakusketa batzuetan egin bezala, kolore horrek haurtzarotik iltzatuta duen oroitzapen bat ekartzen diolako gogora. Hala azaldu du:

Iaz Araizen jarri zuen erakusketari udako solstizioarekin batera eman zion hasiera; eta hau, berriz, negua amaitu arte utziko du ikusgai. Horrela, ziklo bat itxi nahi duela azaldu du. Martxoaren 29rarte egongo da ikusgai, asteartetik igandera. Gaur arratsaldean zabalduko dute; beraz, nahi duen orok gaur bisitatu dezake, eta mokadua egongo dela jakinarazi dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!