Iruñeko Udalak hiru milioi euro baino gehiago bideratuko ditu, 2024ra arte, familietan esku hartzeko udal zerbitzua kudeatzeko, haurrak artatu eta babesteko jardueraren esparruan. Tokiko Gobernu Batzarrak gaur onartu du udal zerbitzu horren kudeaketa aurtengo ekainaren 1etik abenduaren 31ra bitartean kontratatzea, gehienez 425.511 eurorekin (BEZ barne). Espedienteak urtean lau luzapen egiteko aukera jasotzen du 2021, 2022, 2023 eta 2024rako.
Familiaren esku-hartze horren ardatza Iruñeko familia unitateetako etxe partikularretako gizarte eta hezkuntza arreta da, Udaleko Gizarte Gaitasuneko Haurren Arretarako Taldeak bideratzen duena. 0 eta 18 urte bitarteko haur eta nerabeak hartzen ditu, bai eta guraso eta legezko tutoreak ere.
Helburua da familia harreman desegokien sarea aldatzea eta haurren babesgabetasun egoerak murriztea, familia bakoitzarekin plan indibidual eta globalak ezarriz, haurrak eta nerabeak beren familia ingurunetik bereiztea saihesteko. Plan horiek familia harreman desegokiak aldatzera bideratuta daude, bai eta gurasoei gaitasun eta trebetasunak ematera ere, seme-alaben oinarrizko premiak, behar emozionalak, kognitiboak eta sozialak asetzeko eta haien jokabidea modu eraginkorragoan erabiltzeko.
Horrela, familien esku jartzen dituzte harreman eredu desegokietan -tratu txarrak edo zabarkeria eragiten dituztenak, eta adingabeei larriki eragiten dietenak- funtsezko aldaketak ahalbidetzen dituzten tresnak. Horretarako, oinarrizko urratsa da arazoaz jabetzea eta motibazioa indartzea.
Programak hiru helburu ezartzen ditu. Bata, arrisku edota babesgabetasun egoerari amaiera ematea, adingabea eta familia bereiztea saihestuz. Bigarrena, familia birgaitzea, adingabeak behar bezala haz eta zaindu ditzan, dauden harrera zentro edo familiatik euren etxera itzultzeko aukera emanez. Hirugarrena, familia nukleoko adingabeen egoerari buruz eskura dagoen informazioa osatzea, esku-hartzea planifikatzeko.
Esku hartzeko lau azpiprograma, kasuen arabera
Familia bakoitzarekiko esku-hartzea, oro har, astean 4-7 ordu eta 18-24 hilabete bitartekoa da, baina kasu bakoitzera egokitzen da. Esku-hartzeak lau azpiprogramatan banatzen dira, batez ere. Lehena, guraso gisa erantzukizunak betetzeko gaitasuna duen pertsona heldu bat gutxienez duten familiei zuzenduta dago. Bigarrena, guraso figurek muga pertsonal fisikoak, kognitiboak edo psikikoak dituzten familientzat da; muga horiek ezin dira konpondu, baina guraso funtzio jakin batzuk behar bezala betetzeko aukera ematen diete. Hirugarrenak trebakuntza programak garatzeko zailtasunak dituzten gurasoak dituzten nerabeei laguntzen die, eta, beraz, haien autonomia pertsonala lantzen da haiekin, eta helduarora igarotzeko laguntza ematen zaie. Azkenik, laugarrenak kasu espezifikoetan jartzen du arreta, zeinetan zaila baita diagnostiko bat egitea, errekuperatzeko aukerarik ote dagoen zehazteko.
Familian esku hartzeko programa 2004an ezarri zen Iruñean, eta 2006tik ateratzen da lehiaketara. Gaur egun, Haurren eta Nerabeen Arretarako I. Udal Planaren barruan kokatzen da.