Greba mugagabean jarraitzen dute Sephorako langileek

Euskalerria Irratia 2020ko ots. 14a, 13:20

ELAk hitzarmen propioa eskatzen du, UGTk eta CCOOk "inposaturiko" Estatu Hitzarmena hobetzeko.

Nafarroako Sephora kosmetika produktuen enpresako langileek bosgarren greba eguna dute gaurkoa. Pasa den ostegunetik greba mugagabean daude ostegun, ostiral eta larunbatetan, beren lan-baldintzak hobetzeko eta horiek hemen negozia ditzatela eskatzeko.

Gogorarazi dute 2014an CCOOk eta UGTk estatuko drogeria hitzarmena inposatu eta Nafarroako sektoreko hitzarmena indargabetu zutela. Horren ondorioz, langileen baldintzak okerrera egin dute, eta negoziatzeko tresna propio bat galdu dute. 

Gaur egun, honakoak dira Sephora Españako baldintzak:
- Lanaldi partzialeko kontratazioak (12 ordu arte), bajak eta oporrak betetzeko, lanaldia handitzeko beharraz abusatuz, gehiago kobratu ahal izateko.
- Borondatezko plusak dituzten lan-kategoria propioak, soldata gisa finkatu ezin izateko.
- Gutxieneko soldataren azpitik dauden soldatak: 912 euro hilean kontseilari-saltzailearentzat.
- Amatasuna bateragarri egiteko oztopo ugari.

Langileek salatzen dute enpresak ez duela onartzen ez negoziaziorako ez grebarako eskubidea, bere egoera ekonomikoaz harago, mundu osoko 75 marka ospetsuren jabe den LVMH enpresa erraldoi frantziarraren menpekoa delako: Christian Dior, S.A., Louis Vuitton, Bulgari, Moët Chandon...

Egoera horretan, negoziatzera esertzeko eta lan baldintzak duintzeko exijitu diote enpresari; hori gertatzen ez den bitartean, langileek greban jarraituko dutela ziurtatu dute. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!