Iruñeko Udalak Labrit pilotalekuaren kudeaketa lizitaziora atera du

Euskalerria Irratia 2020ko ots. 13a, 13:18

Lizitaziotik sortuko den kontratuak lau urteko iraupena izango du eta udalak 726.000 euroko aurrekontua aurreikusi du. Lehiaketan ekonomia sozialeko, ekonomia solidarioko eta irabazi asmorik gabeko erakundeek baino ezingo dute parte hartu.

Iruñeko Udalak Labrit pilotalekua kudeatzeko eta ustiatzeko kontratuaren esleipena arautuko duen baldintza-agiria onartu du ostegun honetan Gobernu Batzordean, aurtengo ekainaren 1etik 2024ko maiatzaren 31ra arte. Aldi honetarako guztirako, Udalak 726.000 euroko aurrekontua aurreikusi du. Lizitazio horretatik sortuko den kontratu berriak lau urteko iraupena izango du, eta ez du luzapenik onartzen.

Baldintzak Nafarroako Kontratazioaren Atarian argitaratzen direnean irekiko da eskaintzak aurkezteko epea. Ekonomia sozialeko, ekonomia solidarioko eta irabazi asmorik gabeko erakundeek bakarrik parte hartu ahal izango dute lizitazioan.

Orain arte, Nafarroako Euskal Pilota Federazioa aritu da Labrit pilotalekua kudeatzen, eta kontratua bost hilabetez luzatu zitzaion, lizitazio berrirako plegua garaiz izatea ezinezkoa zelako. Udalak 73.083 euro baliatu zituen kontratua luzatzeko. Nafarroako Euskal Pilota Federazioak 2014an eskuratu zuen Labrit pilotalekuaren kudeaketa eta ustiapena.

Lizitazioan parte hartu nahi duten erakundeek irizpide ekonomiko eta kualitatiboen arabera aurkeztu beharko dituzte eskaintzak. Irizpide kualitatiboei dagokienez, kontratua esleitzeko, kontuan hartuko da proiektuak emakidak irauten duen bitartean eskainiko diren kirol jardueren eta zerbitzuen programazioaren berri ematea.

Erakunde esleipendunak bere gain hartu beharko ditu frontoiaren eta taberna-kafetegiaren kudeaketatik eratorritako gastuak, hala nola ura, gasa, elektrizitatea eta komunikazioak. Hala ere, zerbitzuak emateagatik lortutako diru-sarrerak ere hari dagozkio, ordainsari gisa.

Betebeharren artean dago han egongo den pertsona bat izendatzea, zerbitzuaren plangintzaz, kudeaketaz eta koordinazioaz arduratuko dena, eta udalarekin zuzeneko kontaktua izango duena. Gainera, hitzemandako zerbitzuak emateko behar diren langileak kontratatu beharko ditu.

Lizitazioko klausulen arabera, pilotalekuak zabalik egon beharko du urteko egun guztietan, urtarrilaren 1ean, azaroaren 29an, abenduaren 25ean eta uztailaren 16tik abuztuaren 5era ere izan ezik. Abenduaren 24a eta 31 eta urtarrilaren 5a jaieguntzat hartuko dira, eta, beraz, ordutegia goizez bakarrik izango da.

Pleguak, halaber, irekitzeko gutxieneko ordutegi bat ezartzen du: astelehenetik ostiralera 10:00etatik 23:00etara (udan izan ezik, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 22:00etara izango litzateke), larunbatetan 09:00etatik 14:00etara eta 15:30etik 22:00etara, eta igande eta jaiegunetan 09:00etatik 14:00etara (udan, larunbatetan, igandeetan eta jaiegunetan frontoia itxita egongo da). Sanferminetan, berriz, ordutegia programatutako ekitaldietara egokituko dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!