ELAko hiru lagunek, CCOOko beste hiruk, LABeko bik eta UGTko batek osatzen dute Iruñeko Padre Menni enpresako langile batzordea. Ohar bidez azaldu dutenez, enpresako zuzendaritza bereari “gogor” eusten ari zaio, "akordiorako benetako borondaterik gabe eta langileak mespretxatuz".
Langile batzordearen arabera, langileek akordiorako gaitasuna erakutsi dute une oro, baita "ahalegin handia" egin ere, joan den urtarrilean Nafarroako Gobernuarekin egindako itunak "errazteko". "Planteatutako azken aldarrikapenak oinarrizkoak eta ekonomikoki onargarriak dira enpresaren aldetik", gaineratu du.
Langile batzordeak adierazi duenez, kontuan hartu behar da enpresako hitzarmen kolektiborik ez izateak "ezegonkortasuna, ziurgabetasuna eta harreman txarrak" sortzen dituela zuzendaritzaren eta langileen artean. “Eta horrek, zalantzarik gabe, eragina izan dezake ematen den zerbitzuan".
Nafarroako zahar etxeen sektorea eremu feminizatua dela azpimarratu dute sindikatuek, "soldata baxuekin eta prekarietate handiarekin", eta garrantzizkotzat jo dute plantilla horien lan baldintzak hobetuz joatea. "Aurreko negoziazioetan lortutako eskubideak ez hondatzea ere funtsezkoa da", gaineratu dute.
Azkenik, langile batzordeak uste du egoiliarrek, familiek eta langileek ez dutela merezi "hitz egiten eta harrera egiten ez duen" zuzendaritzarik. "Langileak dira arreta ona ziurtatzen dutenak eta egoiliarrak profesionaltasun handiz zaintzen dituztenak".