Gidabaimenik gabeko gidariak harrapaturiko bi oinezkoak, koman

Euskalerria Irratia 2020ko ots. 13a, 10:28

Joan den astelehenean Iruñeko espaloi batean harrapatu zituzten bi lagunak koma egoeran daude. Gizonaren kasuan, garuneko lesioak atzeraezinak dira, haren amak ziurtatu duenez.

Diario de Navarra egunkariari egindako adierazpenetan, Neil Vargasen amak esan du gazteari aireztapena kendu diotela: "Itxarotea besterik ez da geratzen", adierazi du.

Bestalde, Yecenia Mariceli gaztea ere gertaera berean harrapatu zuten, eta bere buruaz kontziente iritsi zen ospitalera, baina gerora antzeman zuten buruan koagulu bat zuela. Egoera ikusita, ebakuntza egin zioten, nahiz eta ebakuntzaren ondoren botikak jaitsi zizkioten erreakzionatzen ote zuen ikusteko, baina koman sartuta amaitu zuen.

Gogoratuko denez, joan den astelehenean gertatu zen harrapaketa, Gipuzkoa etorbidean. Cuatro Vientosetik zetorren eta Trenbide kalearen ingurura iritsi zen ibilgailu batek bi gazteak zeuden espaloia inbaditu zuen, eta, ondoren, beste ibilgailu baten aurka talka egin zuen.

Gidariak gidabaimena kenduta zuen, eta positibo eman zuen anfetaminetan. Une honetan aske dago Iruñeko Udaltzaingoaren aurrean deklaratu ostean, eta bere kasua Nafarroako hiriburuko 1. zenbakiko Instrukzio epailea eramaten ari da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!