Aparkatzeko zailtasunak dituztela salatu dute Iruñeko Alde Zaharreko bizilagunek

Euskalerria Irratia 2020ko ots. 11a, 15:45

Iruñeko Udalak AZ Ekimenak planteatutako hainbat gai aintzat hartu dituen arren, kezkatuta agertu dira bizilagunak: “Uste dugu garrantzitsua dela lanean jarraitzea etor daitezkeen gertaerei aurrea hartzeko”.

Alde Zaharreko bizilagunak arduratuta jarraitzen dute auzoaren inguruan aparkatzeko dauden zailtasunengatik. AZ Ekimenak ohartarazi duenez, Santo Domingo ikastetxeko ikasleak autoz jasotzera doazen gurasoen joan etorriak modu egokian antolatu gabe jarraitzen du Udaltzaingoak. Ekimenak salatu du, halaber, markatutako eremuetatik kanpo, baina trafikoa oztopatu gabe, aparkatuta dauden egoiliar txartela duten autoekiko udaltzainek duten “zorroztasuna”. “Kezkatuta gaude Alde Zaharreko hainbat proiektuk, nahiz eta auzoaren babesa izan, aparkatzeko arazoa areagotu dezaketelako udalak irtenbide egokiak planteatzen ez baditu”, adierazi dute ohar bidez.

Lehenengo eremuko egoiliar txartela dutenen aparkatzeko arazoez jarduteko batzarra deitu zuen AZ Ekimenak, urtarrilaren 24an Plazara gune komunitarioan. Ehun lagun baino gehiago bildu ziren bileran. AZko mugikortasun taldeko kideek Iurñeko Udaleko mugikortasun zinegotziarekin izandako bileraren berri eman zuten eta auzokideen artean sortutako “zalantza eta zurrumurruak” argitu zituzten. Gainera,  bizilagunen ekarpen eta zalantzak jaso zituzten Fermin Javier Alonso zinegotziari posta elektronikoz igortzeko asmoz.

Posta urtarrilaren 29an bidali zioten, batzarrean ateratako proposamen, zalantza eta bilera eskaera batekin. AZ Ekimenak salatu du mugikortasun alorrak ez diola “inongo erantzunik eman”. Urtarrilaren 31n, baina, prentsaurrekoa egin zuen udalak AZ ekimenak planteatutako "hainbat gairi modu positiboan erantzunez”. “AZko Mugikortasun taldeko kideak pozten gara auzokideen eta udalaren arteko zubi lana bete dugulako”, adierazi dute.

Alde Zaharreko eta Zabalguneko auzokideek Baluarte eta Blanca de Navarra aparkalekuetan prezio berezia (gauez prezio murriztuan aparkatzeko aukera: euro bat gau bakoitzeko) izatearen erabilgarritasunaz “zalantza handiak” agertu ditu ekimenak. “Ez du hobetzen Arrotxapeko eremu laranjako ordutegia, bertan posible da dohainik aparkatzea 20:00etatik 08:30etara”.

Lehenengo eremuko egoiliar txartela dutenek Anelier pasealeku ondoko eremu laranjan aparkatzeko aukera positiboki baloratu du ekimenak. Hala ere, uste dute egokiagoa izango litzatekeela zortzigarren eremu osoan aparkatu ahal izatea. “Arduratuta gaude inguru horrek jasan dezakeen saturazioa ostegun arratsalde-gauetan hasita eta asteburu osoan zehar”, ohartarazi dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!