EH Bilduk, PSNk eta Geroa Baik mozioa aurkeztu dute Iruñeko Udalean, trafiko transferentziaren alde

Euskalerria Irratia 2020ko ots. 10a, 17:59

Trafikoko eskumen esklusiboen transferentzia "Nafarroako erakundeen eskaera historikoa" dela defendatuko dute udal taldeek.

EH Bildu, PSN eta Geroa Bai udal taldeek mozio bateratu bat defendatuko dute astearte honetan Iruñeko Udaleko Presidentzia Batzordean, "trafiko eskumenak Nafarroari transferitzearen egokitasuna" babesteko.

Hain zuzen ere, bi adostasun puntu ditu proposamenak. Lehenik, "Nafarroaren autogobernua defendatzea eta Foruzaingoak trafikoko eskumen esklusiboak bere gain hartzea eta gauzatzea", eta, bigarrenik, "Nafarroak gai honetan eta beste batzuetan bere eskumenak garatzeko duen eskubidearen aurkako eraso mediatiko eta politiko elektoralak salatzea".

Mozioaren zioen azalpenean, hiru talde proposatzaileek diote trafikoko eskumen esklusiboen transferentzia "Nafarroako erakundeen eskaera historikoa" dela, eta gogorarazi dute "Foru Hobekuntzak berak ezartzen duela Nafarroak eskubidea duela Nafarroari behin eta berriz agindutako eskumen hori bere gain hartu eta garatzeko, zeina sistematikoki atzeratzen joan baita".

Gaur egungo Gobernu zentralaren osaketarekin Pedro Sanchez presidenteak "agindutakoa betetzeko konpromisoa" hartu zuela gogorarazi ostean, testuak dio "orain dauden alderdiek ez dutela babesten aurretik zegoen aho bateko akordioa" eta "erabaki horren iragarpenaren aurka gogor egiten dutela". "Izan ere, asteburu honetan bertan alderdi horietako kargudun publikoak Voxekin batera agertu dira Iruñean transferentzia horren aurka, gobernu ardurak zituztenean euren jarrera propioak urratuz", gaineratzen du idatziak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!