Maia ikastetxeen kalejirak debekatzen ari da

Euskalerria Irratia 2020ko ots. 7a, 12:34

Inauterietan auzoetako karriketan kalejirak egiteko baimena ukatzen ari da Navarra Suma

Urtarrilaren batetik, udal aginte taldea 2005eko udal ebazpen bat aplikatzen ari da alor honetan. Horren arabera, festetako segizio eta kalejirak ezin dira galtzadatik egin. Ezinbestean espaloietatik eta oinezkoentzako eremuetatik egin behar dira, bereziki baldin eta adingabeek parte hartzen badute, ikastetxeetako kalejiretan bezala.

Urtarrilaren 28an, alorreko zinegotziak, Navarra Sumako Javier Labairuk, iragarri zuen Udaltzaingoak ukatua egin ziola baimena Mendillorriko Elorri ikastetxe publikoari inauterietan kalejira egiteko, eta gauza bera eginen zuela gainontzeko ikastetxeekin.

Labairuk herenegun jakinarazi zuenez, urtarrilean molde honetako festa segizioak egiteko 40 baimen eskaera jaso dituzte. Hiruri baimena ukatu diete; 19 aztertzeko daude; eta 17 onartu dituzte, baina horietako batzuetan aldaketak egin dituzte ibilbideetan.

Konparaziora, Arrotxapeko Patxi Larrainzar ikastetxe publikoari inauterietako kalejira galtzadatik egiteko baimena ukatu diote. Udaltzaingoak esan dio ikasle guztiek espaloitik joan beharko dutela, eta udalak ez duela agenterik bidaliko oinezkoentzako pasabideetan laguntzeko.

Labairuren arabera, 2005etik bikoiztu egin dira molde honetako eskaerak, “ez dago aski agenterik guztiei baimena emateko, eta halakoek ezin diote trafikoari eragin”. Hori horrela, udal aginte taldeak 2005eko ebazpena aldatu nahi du aurten, “kirol jarduerak ere aintzat hartuz”, “baina ez da lehentasun bat”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!