Oposizioak aurrera atera ditu Iruñeko Udaleko aurrekontu moldaketari jarritako zuzenketak

Euskalerria Irratia 2020ko ots. 6a, 18:10

EH Bilduk, PSNk eta Geroa Baik milioi bat euroko zuzenketak onartu dituzte. 

EH Bilduk, PSNk eta Geroa Baik, Iruñeko Udaleko oposizioko taldeek, euren botoen batura baliatu dute Navarra Sumako udal gobernuak proposatutako aurrekontu aldaketari jarritako milioi bat euroko zuzenketak aurrera ateratzeko.

Ostegun honetan egindako udalbatzarrean, oposizioko hiru taldeek 14 boto jaso dituzte euren zuzenketak babesteko, eta Nafarroa Sumak, berriz, 13. Maria Echávarri Zerbitzu Orokorretako zinegotzia oso kritikoa izan da oposizioarekin, eta adierazi du bere helburua ez dela "ondasun komuna, Nafarroa Sumak aurkezten duen guztiari ezetz esatea baizik".

Hain zuzen ere, oposizioak erabaki du Arrotxapean eta Etxabakoitzen (Urdaoz Taldea) aparkaleku disuasorio eta intermodal berriak bultzatzea, 130.000 eurorekin; San Frantzisko berrurbanizatzeko eta oinezkoentzat jartzeko proiektua, 50.000 eurorekin; eta zentroa egokitzeko planaren bigarren fasearen proiektua idaztea, zeinak barne hartzen baitu Basotxo eta Txintxilla berrurbanizatzea, 50.000 eurorekin.

Lezkairuko etorkizuneko zentroaren lanak martxan jartzeko 200.000 euroko kontsignazioa ere onartu dute, 60.000 euro Merkataritza Planerako eta 40.000 euro Turismo Planerako.

Auzoei dagokienez, Mendillorrin espaloiak birgaitzeko (100.000 euro) eta Arrosadian, Azpilagañan eta Santa Maria La Realen jada aurreikusita dauden ekintzak bultzatzeko (100.000 euro) partida zehatzak jasotzen ditu akordioak, EDUSI proiektuaren barruan. Kirolei dagokienez, eta baita auzoen zuzkiduren barruan ere, 150.000 euroko partida aurreikusten da softball zelai bat eraikitzeko, eta 50.000 euro inbertitzea ere adostu da Buztintxuri ikastetxeko jolastokiko kirol-pistako estalkia hobetzeko proiekturako.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!