Gaur, otsailak 6, osteguna, lehen greba eguna izan da Nafarroako Sephora enpresan. Nafarroan hitzarmen bat negoziatzeari uko egin dio enpresak, eta hori salatzeko greba mugagabea deitu du ELA sindikatuak. Lurrindegien merkataritzari buruzko estatuko hitzarmenak arautzen ditu lan-baldintzak, eta, sindikatuak salatu duenez, Nafarroan negoziatzen diren merkataritza-hitzarmenetako baldintzen batez bestekoaren oso azpitik daude lan-baldintzak.
Kontratu partzialen eta ordu osagarrien abusuak sortzen duen "prekarietatea eta malgutasunarekin" amaitzeko eskatu diote langileek enpresari. Grebak otsailaren 7an eta 8an jarraituko du, eta aste honetatik aurrera, ostegun, ostiral eta larunbat guztietan.
Greba egiten duten langile guztiek elkarretaratzea egingo dute Iruñeko Karlos III.a kalean duen dendaren aurrean. Enpresa horretako ordezkaritza sindikala ELAko bi ordezkarik osatzen dute.