Aurreko legealdian prestatutako 2017-2022 Ziklotasun Plana bultzatzeko asmoz, EH Bildu eta Geroa Bai udal taldeek mozio bat aurkeztuko dute ostegun honetako Iruñea Udaleko Osoko Bilkuran, arlo horretan udalak abian jarriko dituen jarduera eta ekintzak zehaztuko dituen tresna bat proposatzeko.
Hain zuzen ere, bi taldeek gida bat abiaraztea nahi dute, udalak arlo horretan abian jarriko dituen jarduerak zehazteko. Mozioak eskatzen du hil honetan zehar Mugikortasun Batzarra deitzeko eta Ziklotasun Plan hori "hiri honetan bizikleta azpiegitura ezartzearen arloan datozen urteetan jarduteko gida ofizial" bihurtzea "azaldu, eztabaidatu eta erabakitzeko".
Ekimen berak proposatzen du jarduketa-gida onartu ondoren Iruñerriko Mankomunitateari helaraztea, "PMUSaren plangintzan sar dezan, eta horrela, Bizikletaren Eskualdeko Plan bat defini dadin, hiri eta eskualde osorako bizikleta-sare eraginkor, seguru eta iraunkor bat modu homogeneo eta koordinatuan finkatzeko".
Mozioak azaltzen duenez, Ziklotasun Plana egin eta idaztean bi fase planteatu ziren: lehenengoan, 2017an egindakoa, bizikleta-mugikortasunaren eta haren azpiegituren egungo egoeraren azterketa eta diagnostikoa jasotzen ziren; bigarrenean, 2018an hasitakoa, dokumentu bat idaztea jaso zen, eta bertan, teknikoki, bizikletarako lehendik dauden ibilbideak eta azpiegitura-tarteak zehazten ziren, bai eta berriak ere.
Eh Bilduren eta Geroa Bairen ustez, "bederatzi hilabeteko paralisia" izan da gai honetan Udal Gobernuaren aldetik. "Garraiobide jasangarriak lehenestea eta, kasu honetan, bizikleta lehenestea aho bateko borondatea da", dio testuak, eta plan hori berriro bultzatzeko beharra argudiatzen du, "horrelako plan estrategikoek egonkortasuna eta jarraitutasuna behar dutelako, eraginkorrak izan daitezen".