Paola Damontiren arrail orgasmikoari buruzko hitzaldia Katakraken eginen dute, Kale Nagusiko liburu-dendak berak iragarri duenez. Urtarrilaren 31an izanen da, ostiralarekin, 19:00etan.
Paola Damonti genero adituaren Brecha orgasmica hitzaldia aurreikusia zegoen ostiral honetarako. Vox-ek solasaldia salatu eta Navarra Sumak bertan behera utzi du.
Maiaren udal aginte taldeak Brecha orgasmica izeneko hitzaldiari betoa jartzeko agindua eman du. Emakumeen Etxean antolatuta zegoen, ostiral honetan, udalak berak iragarria zuenez. Vox alderdi ultraeskuindarrak presioa egin du sare sozialetan mezuak bidalita, hitzaldia bertan behera uzteko eskatuz.
Damontik patriarkatua gure ohetan ere sartzen dela dio. Haren esanetan, harreman heterosexualetan "gizon batek orgasmo bat izateko aukera emakumeena baino altuagoa da, arrakala hori ez da biologikoa, soziala eta kulturala baizik".