Haur eskoletako hezitzaileen lan baldintzak hobetzeko eskatuko du gaur 0-3 Plataformak

Euskalerria Irratia 2020ko urt. 23a, 13:27

Elkarretaratzera deitu du, arratsaldeko 18:00etan, Nafarroako Parlamentuaren aurrean. Bi dira plataformaren eskaera nagusiak: ratioak murriztea eta soldatak igotzea. 

Nafarroako Parlamentuaren aurrean bilduko dira gaur, arratsaldeko 18:00etan, 0-3 Plataformako kideak, ziklo horren kalitatea hobetzeko zenbait neurri eskatzeko. Nafarroako Haur Hezkuntzako lehen zikloko profesionalek osatzen dute plataforma, eta sektorearen lan baldintzak duintzea dute helburu. Bi aldarrikapen nagusi dituzte: ratioak murriztea eta profesionalen soldaten igoera.

Lehenengo aldarrikapenari dagokionez, hezitzaile bakoitzeko haurren ratioak ezartzen dituen 28/2007 Foru Dekretua aldatzeko eskatzen dute, eta Haurren Arretarako Europako Sareak gomendatzen dituen ratioak ezartzea; sare horren arabera, profesional bakoitzak izan behar baitu egun Nafarroan hezitzaile batek dituen haurren erdia. Zehazki, egun, Nafarroan, 0-1 urteko zikloan 8 haur dituzte hezitzaile bakoitzeko, eta Europan, berriz, 4; 1-2 urtekoan 12, eta Europan 6; eta 2-3 urtekoan, 16, eta Europan, 8. Bestetik, beren ardurarekin bat datorren soldata eskatzen dute, bai eta sektorearen barneko soldata arrakalarekin amaitzea ere.

Eskaera horiek gauzatu ahal izateko eta 0-3 zikloa duintzeko, aurrekontuetan diru partida garrantzitsu bat erabil dezatela eskatu dute, ziklo horretan inbertituta, “etorkizuneko gizartearen kalitatean” inbertituko dutela nabarmenduta.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!