Iruñeko publizitate instituzionalaren banaketari helegitea jartzea aztertzen ari da EH Bildu

Euskalerria Irratia 2020ko urt. 22a, 14:54

"Arduragabekeria da ultraeskuinak Iruñeko hizkuntza politika kudeatzea, baztertzea eta liskarrak sortzea delako haien premia", ohartarazi du ohar bidez.

EH Bildu, bere udal taldearen bitartez, aztertzen ari da Gobernu Batzordeak 2020rako
Iruñeko Udalaren publizitate instituzionaleko kontratuak esleitzeko hartutako erabakiaren
aurka errekurtsoa jartzeko aukera, akordio horrek berekin baitakar udal-kontratuetatik
erabat kanpo uztea euskaraz informatzen duten komunikabideak. "Formula tranpa bat
aplikatzen dute. Hiritarren %10,5 euskaldunak diren hiri batean, hedabide horiei ezin zaie
eskatu audientzia osoaren %10 gutxienez; hori da gaztelaniazko hedabideei publizitate
kontratuak emateko audientzia potentzialaren %100 izatea eskatuko balitzaie bezala, eta
hori ez da gertatzen", azaldu du koalizio subiranistak.

Publizitate-kontratuen banaketan izandako irizpide-aldaketen emaitza (600.000 euro)
suntsitzailea da: euskaraz informatzen duten sei hedabide ere banaketa horretatik kanpo
geratu dira, eta, EH Bilduren iritziz, horrek "zentzugabekeria bat dakar, baina, batez ere,
hedabide horien erabiltzaileekiko gutxiespen diskriminatzailea eta Iruñeko Udalak
informazio instituzionala herritar guztiei helarazteko duen erantzukizunaren utzikeria
larria". Izan ere, banaketa berriaren azpian gai argi bat dago: "Iruñean, euskara bezalako
hizkuntza batean informazioa lortu nahi duen inork ezin izango du Udalaren informazio
instituzionala eskuratu".

"Erabat onartezina da eskuineko hirukoak gastu baten harira egiten ari den erabilera
politikoa, publizitate instituzionalarena hain zuzen ere, zerbitzu publikotzat hartu beharko
litzatekeena, eta, beraz, herritarren zati bat ez da baztertu edo zigortu behar hizkuntza bat,
euskara, erabiltzearen alde egiteagatik, gainera hiri honetakoa baita", EH Bilduren
arabera. EH Bilduren ustez, eskuineko hirukoak kontratu-banaketa berri hori onartzea
"errebertsio" berri bat da, Iruña "hatzez egindako aukeraketen" garaira atzeratzen duena,
eta kontratu gehienak eta kopuru handienekoak gaur egun gobernatzen duten "hedabide
kideentzat" izatea betikotzen duena. "Arduragabekeria da ultraeskuinak hiri honetako
hizkuntza-politika kudeatzea ahalbidetzea, bazterketa sustatzeko eta liskarrak sortzeko
erabiltzen ari delako"

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!