Euskarazko hedabideak publizitate instituzionalik gabe utzi ditu Maiak

Euskalerria Irratia 2020ko urt. 21a, 17:22

Audientzia osoaren %10 duten hedabideek parte hartu ahal izan dute Iruñeko Udalaren lizitazioan, eta Iruñeko biztanleriaren %10,5 da euskalduna.

Iruñeko Udalak esparru-akordio berri bat ezarri du hedabideetan publizitate instituzionaleko kanpainak txertatzeko. Sei hedabieetan 600.000 euro inbertituko ditu aurten Enrique Maiaren udal gobernuak. Euskarazko hedabiderik ez dago zerrendan.

Publizitatea esleitzeko lizitazioan parte hartzeko aukera gutxi eman dizkie Navarra Sumak euskarazko komunikabideei. CIES hedabideen azterlanaren 2019ko lehen olatuaren audientzia-datuen arabera gutxienez Iruñeko audientzia osoaren %10 duten hedabideek parte hartu ahal izan dute. Iruñean egindako azken Inkesta Soziolinguistikoaren datuen arabera, Iruñeko biztanleriaren %10,5 da euskalduna. Hala, euskaraz aritzen diren komunikabideek ia audientzia potentzial osoa eduki beharko lukete parte hartzeko. Baldintza horrekein, beraz, kanpoan utzi ditu udalak euskaraz aritzen diren komunikabideak.

Iruñeko Euskalerria Irratiak, publizitate instituzionala jasotzeko aukera izan dezan, hiriko ia biztanle euskaldun guztiek entzun beharko lukete, %95,6k. Aurreko lau urteetan Euskalerria irratiak 24.000 euro inguru jaso ditu urtean, Iruñeko Udalaren publizitate instituzionalagatik. Aurten ez du ezer jasoko. 

%75ko pisua izan du audientziak balorazioan

Guztira lau izan dira aurkeztutako proposamenak baloratzeko irizpideak, audientzia 75 puntura arte puntuatu dute; proposamen ekonomikoa 10 puntura arte;  hobekuntzak, 5 puntura arte; eta irizpide sozialak, gehienez, 10 puntura arte.

Diario de Navarra (Brandok Comunicacion) eta Diario de Noticias (Zeroa Multimedia) egunkarietan eta edizio digitaletan, eta navarra.com (Glocal Influence) prentsa digitalean sartuko du aurten publizitatea. Irrati-iragarkiak, berriz, SER eta Cope irratien entzunen dira. Navarra Television izanen da Iruñeko Udalaren iragarkiak emitituko dituen telebista bakarra. 

Aurreko urtearekin alderatuta, %25 murriztu du Iruñeko Udalak publizitatearen aurrekontua. 

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!