La Pamplonesak zortzi kontzertu eskainiko ditu urtarriletik maiatzera bitartean

Euskalerria Irratia 2020ko urt. 21a, 14:05
Prentsaurrekoa egin dute gaur Maria Garcia-Barberenak, J. Vicent Egeak, Jesus Garisoainek, Luis Maria Remesarek eta Serafin Zubirik.

2020ko lehen kontzertu zikloan, La Pamplonesa musika genero ugaritara gerturatuko da, ikus-entzule ororentzako programa batekin.

La Pamplonesa musika bandak gaur aurkeztu du urtarriletik maiatzera bitarteko saroiko egitaraua. Zazpi programarekin osatutako zikloa izango da, horietako bat bi saiotan proposatuta, eta guztira zortzi kontzertu izango dituena.

Iruñeko musika bandaren denboraldiak oihala altxatuko du urtarrilaren 26an, Gioachino Rossiniren musika lana goraipatzen duen programa batekin. Musika proposamen horretan bandarako transkribatutako musikagile italiarraren zazpi obertura entzun ahal izango dira.

Urteko bigarren hitzordua otsailaren 16an izango da, banda Gaiarre antzokiko agertokira igoko den saio batean. Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko (CSMN) ikasleekin batera taularatuko da, Ludwig van Beethoven musikagileari eskainitako programa bat interpretatzeko.

Martxoaren 1ean, igandearekin, La Pamplonesa tangora hurbilduko da Astor Piazzolla konpositore argentinarraren musikarekin eta Fernando Salinas tafallarrak bandoneoiko bakarlari gisa parte hartuko du.

Bestalde, Pablo Sarasate Kontserbatorio Profesionaleko ikasleekin egiten den elkarlanean aurten bandarako idatzitako obra originalak egingo dituzte, guztiak ere interpretatzeko exijentzia handiarekin eta egungo teknika eta konposizio estilo ugari erakutsiz. Aurtengo proposamena martxoaren 15ean izango da.

Nino Bravo abeslari valentziarraren irudiari eskainitako ikuskizun monografiko batekin iritsiko da Pamplonesa urteko lehen kontzertu zikloaren azken txanpara. Oraingoan, bandak Serafin Zubiri abeslariarekin batera errepikatuko du proposamena, bertsio berritu batean eta arratsaldeko bi saiotan planteatuta: maiatzaren 15ean (ostirala) 20:30ean, eta hilaren 16an (larunbata) 19: 00etan.

La Pamplonesaren bigarren mendeko lehen zikloa itxiko duen kontzertua maiatzaren 31n izango da, eguerdiko 12:00etan, eta Pamplonesa Gaiarre antzokiko agertokira igoko da, jatorri ezberdinetako dantzetan oinarritutako hainbat konpositoreren lanak interpretatzeko.

Vicent Egea La Pamplonesako zuzendari titularrak proposamenaren aniztasuna nabarmendu du, publiko guztiengan pentsatuz diseinatuta baitago. "Programazio oso anbiziotsua da, eta, aldi berean, zorrotza taldearentzat", adierazi du. Gaineratu du Pamplonesarentzat oso garrantzitsua dela lankidetzan aritzea bandak agertokia partekatuko duen hezkuntza-erakundeekin.

Kontzertu guztiak Gaiarre antzokian egingo dituzte. Goizeko kontzertuetarako sarrerek lau euroko prezioa dute eta, arratsaldekoek, hamar eurokoa. Bi abonu ta daude: goizeko kontzertuak soilik dituena, hamasei euroko prezioan, eta ziklo osorako sarrerak 32 euroko prezioan eskuratzeko aukera ematen duena. Gaiarre antzokiko leihatilan dago salgai, baita bere webgunean ere.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!