Trinitariosko aparkalekuko erabiltzaileentzako doako autobusa ezarriko du udalak

Euskalerria Irratia 2020ko urt. 17a, 13:15

Hiriko erdialdeko merkataritza bultzatu nahi du horrela Iruñeko Udalak.

Iruñeko Udalak hiriko erdialdeko merkataritza bultzatu nahi du garraio publikoa erabiliz. Horretarako, erraztasunak emanen ditu autoa Trinitariosko doako aparkalekuan uzten dutenak hiri-autobusez joan daitezen erdialdera, doan, eta 30.000 euroko diru-partida bat bideratuko du aurten. Iruñeko Udalak, Iruñerriko Mankomunitateak eta Transports Ciutat Comtal SAk –eskualdeko hiri-garraioaren enpresa esleipendunak– sinatu duten hitzarmenaren arabera, Udalak villavesaz egiten den bidaia bakoitza 50 zentimoz finantzatuko du.

Trinitariosko aparkalekuak 180 toki ditu, eta Biurdana kalearen eta Gipuzkoako etorbidearen arteko elkarguneko biribilgunean du sarbidea. Aparkalekura sartzean, ibilgailuek hesi bat igaro behar dute. Hesi horretan, ibilgailuaren matrikula identifikatzen da, eta tiket bat ateratzen da, bi bidaiakoa. Tiket horrek hiri-autobusean sartzeko balio du Alde Zaharrera joan eta handik etortzeko, edo bi lagun aldi berean joateko, edo etortzeko. Tiket bakoitza 24 ordurako da. Tiket hori erabil daiteke aparkalekuaren inguruan geralekua duten hiri-autobusetan, geraleku horretan igo behar baita autobusera. 3, 16, 17, 21 eta N4 lineei dagozkienak dira. Behin erdialdean, Alde Zaharreko eremuan zein Zabalguneetan dauden geralekuetan jaisten ahal da villavesetatik, baita horietara igo ere.

2019an 43.540 autobus-tiket eman ziren

Iaz 43.540 tiket eman ziren Trinitariosko aldirietako aparkalekuan aparkatu zuten 21.770 ibilgailuen jabeek hiri-garraio publikoan bidaiatzeko. Datu horren arabera, eguneko batezbestekoa 136 tiket izan zen. Erabilpen handieneko hilabetea urria izan zen, 4.728 tiket eman baitziren, ia 153 egunean. Bigarrena maiatza izan zen (4.694 tiket), eta hurrengoak, azaroa (4.592) eta abendua (4.512). Irailean eta apirilean ere 4.000 baino gehiago izan ziren, 4.034 eta 3.099, hurrenez hurren.

Beste muturrean uztaila dago, aparkalekua sanferminetan eta aurreko egunetan ixten baita, Runa parkeko feria-atrakzioak jartzen dituztenak bertan egon daitezen. Hortaz, uztailean bakarrik 584 tiket eman ziren. Erabilpen txikiko beste hilabete batzuk ekaina eta abuztua izan ziren, 2.552 eta 2.656 villavesa-tiket eman baitziren, hurrenez hurren.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!