Hilaren 2an Iruñean estreinaldia egin ondoren, hirira itzuliko da berriz Baloreak proiektua asteburu honetan, igandean. Kontzertu formatuan, Kaiet, Iradi, Luna, Netsanet eta Asier gaztetxoek giza balioak zabaltzeko helburuz igoko dira Baluarte aretoko areto nagusiko oholtzara igandean, arratsaldeko 18:00etan.
Duela urtebete sortu zuten egitasmoa, musikaren bitartez baina musikatik harago giza balioak lantzeko proiektu oso baten gisan.
Parte hartzen duten haurrak Iruñea, Berriozar, Getaria, Bilbo eta Baionakoak dira, zortzi eta hamalau urte bitartekoak, eta Peio Reparaz musikariak konposatutako hainbat kantu interpretatzen dituzte. Proiektuaren prozesuan, gainera, mundu osoko beste tokitako haurrekin izan dira solasean, baloreei buruzko beren ikuspegia konpartitzen.
Egitasmoa DeepSoda ekozipen kooperatiba berriaren lehenbiziko proiektua da; eta jatorritik, handituz joan da. Diskoa sortu zuten, ondoren baita ipuina ere; eta azkenean, proiektua jendaurrera eramatea erabaki zuten. Urtarrilaren 2an estreinatu zuten, Zentral aretoan, eta orain Euskal Herriko hainbat txokotara eramaten ari dira. Igandean Baluarten erakutsiko duten ikuskizuna kontzertu bat da, baina ipuin musikatuko formatua du.