Santa Engraziko presaren konponketak ez du Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren oniritzirik

Euskalerria Irratia 2020ko urt. 9a, 14:10

Iruñeko Udalak 82.000 euroko kostua izanen duela kalkulatu du. Dokumentazio osagarria eskatu dio Ebroko Konfederazio Hidrografikoak udalari.

Nafarroako Gobernuko Ingurumen Sailaren eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren iritziari aurka eginez, Iruñeko Udalak Arga ibaiko Santa Engrazi presa konpontzeko asmoari eutsi dio. 82.000 euroko kostua izango duela kalkulatu du udalak. 

Konfederazioak presa kentzearen aldeko txostena egin zuen, "hobekuntza hidrauliko, ekologiko, paisajistiko eta ingurumen-hobekuntza handia" ekarriko lukeela iritzita. Informazio osagarria galdegin dio udalari, presaren aisialdi-erabilera, balio arkitektonikoa eta historikoa ezagutzeko. Nafarroako Gobernuko Ingurumen departamentuari ere egindako txostena eskatu dio konfederazioak. Txosten hori 2019ko uztailaren 29an egin zen, eta udalak aspalditik du eskuartan. Txosten horretan, berariaz gomendatzen da egitura ez konpontzea.

Hiru hilabeteko epea eman dio konfederazioak udalari dokumentazioa entregatzeko. Garaiz eta behar bezala egiten ez bada, espedientea artxibatuko dute. Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren baimena behar du udalak presa konpontzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!