Udalak 106.000 euro bideratu ditu Marcelo Celayeta etorbideko La Carbonilla eraikinean dagoen Arrotxapeko Zentro komunitarioa eraberritzeko

Euskalerria Irratia 2019ko abe. 26a, 12:16

Kanpoko zein barneko arotzeria aldatuko da, komunak eraberrituko dira, eta irisgarritasuna hobetuko da plataforma jasotzaile batez zein arrapala batez.

Gaur, Tokiko Gobernu Batzarrak birgaitze-lanak lizitatzea erabaki du Arrotxapeko Zentro komunitarioa egoitza den La Carbonilla eraikinerako. Marcelo Celayetako 51n dagoen zentroak auzoko elkarte andana biltzen ditu, Emakumeendako Arreta Zentroaz gain. Halere, instalazio asko zaharkituta ditu dagoeneko; horregatik Udalak, horiek birgaitzeko, 106.000 euro (BEZ barne) bideratzea erabaki du, finantzaz bezainbatean jasangarriak diren aurtengo inbertsioen barruan.

Erabilera-baldintzak eta energia-eraginkortasuna hobetzeko, aurreikusi diren lanek eragina izanen dute plaza baten barruan dagoen eta behea gehi beste solairu bat dituen eraikin isolatu honen zenbait alderditan. Batetik, eraikineko beheko solairuan dauden komunak erabat zaharberritzeko proiektua dago. Horretarako, eremua birbanatuko da, eta badauden osagaiak berrantolatuko. Horrela, hiru komun-kabina mantenduko dira, horietako bat, konketaduna. Amankomuneko eremuan bi konketa egon ordez, orain bat egonen da. Garbiketa-materialeko gela mantenduko da, baina beste leku batean, hobeki banatuta eta produktuak gordetzeko apalategiez hornituta.

Horrez gain, zaharberritzean, eraikinaren egurrezko kanpo-arotzeria ordeztea aurreikusten da. Aurreko jarduketa batean batzuk aldatu ziren jada, baina oraindik 13 leiho gelditzen ziren aldatzeko (horietako 6, hiru orrikoak, eta 7, bikoak). Guztiak PVCzkoak izanen dira, eta eraikineko sarrera nagusiko atea, aluminiozkoa; horrela, eraikinaren isolamendua hobetuko da eta, hortaz, energia-eraginkortasuna. Birgaitze-proiektuak barne-arotzeria ere hartzen du barne, lehen solairuko guztiak eta beheko bi. Jarriko diren ateak zurezkoak izanen dira, lauak eta trinkoak, melaminatu zuriaz estaliak, eta PVCzko ertzez.

Irisgarritasuna eta intsonorizazioa hobetzea

Lanek lehen solairuko sabaietako zertxak zaharberritzea ere hartzen dute barne, erabilera anitzeko gelen intsonorizazioa hobetzeko; halaber, beste jarduketa batzuez eraikinaren irisgarritasuna hobetu nahi da. Ildo horretan, sartzeko arrapala eraikiko da, indarreko araudia betez, eta plataforma jasotzaile bat kokatuko da beheko solairua eta lehena lotzen dituzten eskaileretan.

Era berean, aurreikusi denez, eraikineko plaza inguratzen duen hesiko ate barrotedun metalikoa moldatuko da, ongi itxi dadin; izan ere, orain ez du itxierarik eta, hortaz, beti irekita egoten da.

Eraberritzea osatzeko, sistema eta kaxa elektrikoak ikuskatuko dira, eta zentroko areto guztietako sabaiak zein hormak margotuko, Emakumeendako Arreta Zentrokoak izan ezik, hori berriki eraberritu baitzen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!