'Harrotu' guneko lau langiletik hiru kaleratu nahi ditu Iruñeko Udalak

Euskalerria Irratia 2019ko abe. 16a, 14:08

Kattalingorrik ohartarazi du Harroturen itxierak laguntza zerbitzurik gabe utziko dituela Iruñeko LGTBIQ+ herritarrak. Aniztasunaren aurkako murrizketa dela salatu du.

Nafarroako LGTBIQ+ eta transmarikabollo kolektiboek salatu dutenez, aniztasunari murrizketak egin nahi dizkio Enrique Maiak. Kattalingorri sexu eta genero aniztasunaren arretarako Iruñeko Harrotu zentroa kudeatzeaz arduratzen den erakundeak ohartarazi du zentroaren itxierak hiriko LGTBIQ+ herritarrei laguntzeko zerbitzurik gabe utziko dituela.

Ostegunean bilera izan zuten Iruñeko Udalarekin. Zerbitzua bikoiztuta dagoela iritzi dio udalak, Kattalingune Nafarroako Gobernuaren zerbitzua ere badelako hirian kolektiboari zerbitzua ematen. Lau langiletik hiru kaleratu nahi ditu Navarra Sumak. Horregatik guztiagatik, Udalari eskatu diote zuzendu dezala "LGTBIQ+ arloan murrizketarik ez egiteko eta Harrotu aholkularitza teknikarik gabe ez uzteko, zerbitzua ez baita bikoizten ari, osatzen baizik".

Harrotu udal zerbitzua da, doakoa. Informazioa, aholkularitza eta laguntza anonimoa eskaintzen die Iruñeko LGTBI+ kideei eta beren hurbilekoei, eta sexu-orientazio, genero-adierazpen eta sexu- edo genero-identitateagatiko diskriminazio ororen aurka borrokatzen du. Kattalingorrik laguntza-zerbitzu horren garrantzia azpimarratu du, LGBTIQ+ pertsonek "ezin izan dutelako sozializatu egitura sozial heteropatriarkalengatik", "egitura horietatik ateratzen diren bizitzak onartzen ez dituztelako".

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!