Paris 365 jantoki solidarioa ixteko arriskuan dago, ekonomia arazoengatik

Euskalerria Irratia 2019ko abe. 12a, 13:56

Urtarrilerako 100.000 euro lortzen ez badituzte jantokia itxi beharko dutela jakinarazi dute. Laguntza eskatu diete herritarrei zein instituzioei. 

Paris 365 fundazioak beren ekonomiaren egoera “larria” dela eta jantoki soziala ixteko arriskuan dagoela jakinarazi du. Patxi Lasa zuzendariak azaldu duenez, fundazioak 67.000 euroko defizita du, batik bat heldu dena donazioen beherakadatik eta fundazio, finantza erakunde eta instituzioen diru sarreren izozte nahiz murrizketatik. Hori dela eta, SOS Paris 365 izeneko kanpaina abian jarri du.

Fundazioak 100.000 euro beharko ditu fundazioaren nukleoa den elikadura baliabidea salbatzeko eta koltxoi bat sortzeko; eta bestela, astero 600 pertsona jasotzen dituen jantokia itxi egin beharko dute. Otsailera arteko epea jarri dute horretarako.

Lehentasuntzat hartu dute elikadura baliabideak –jantokia, despentsa eta zopa beroa– mantentzea, eta horretarako, neurri batzuk hartu dituzte dagoeneko. Zuzendaritza eta administrazio pertsonala murriztu dute; Catering Paris 365 itxi egin dute eta jantokiko sukaldean kozinatzen hasiko dira; Garabato izeneko ikasketa komunitateka apirilerako bere aurrekontua betetzen ez badu, ixteko aukera mahaigaineratu dute, eta gradualki itxi dute etxebizitzen zerbitzua ere.

Aurten, gainera, hamar urte beteko ditu fundazioak, eta, nabarmendu dutenez, hamar urteren ostean, eskaintzen dituen zerbitzuak guztiz premiazkoak izaten jarraitzen dute: “Hasieran behar bat zegoen, gaur egun badago, eta aurrera begira egoten jarraituko dutela uste dugu”, adierazi du Sofia Anton elikadura baliabideen arduradunak. Esan duenez, azken hiletan handitu egin da eskaria.

Eskariaren handitzearen arrazoiak hainbat dira; besteak beste, neguan handitu egiten dela eskaria, auzoetako unitateengandik eta zerbitzu sozialengandik jasotzen dituztela pertsona batzuk, eta gero eta gehiago direla etxebizitza sarbidearen arazoa dutenak. Hortaz, oinarrizko beharrizan horiei erantzuna emateko premia dutela azpimarratu du.

Ziurtatu dute beren asmoa dela beste aukera bat topatzea baliabiderik gabe geratuko diren pertsonentzat, eta, era berean, saiatuko direla beste entitate batzuek jarraikortasuna eman diezaieten baliabideei. Egoera horren aurrean, laguntza eskatu diote gizarteari zein instituzioei, eta honako banku kontu hauek eman dituzte, nahi duen orok bere alea jar dezan:

Rural Kutxa: ES51 3008 0073 1519 0772 3629

La Caixa: ES45 2100 2173 8002 0043 4503

Laboral Kutxa: ES79 3035 0039 32 0390050715

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!