Iruñean ikuskizuna eskainiko zutela hitz eman zuten Pirritx, Porrotx eta Marimototsek, "udalarekin edo gabe". Gabe izanen da, azkenean. Ostegunean prentsaurrekoan adierazi bezala, gauerdirarte itxaron zuten pailazoek Iruñeko Udalak iritziz aldatu zezan. Twitterren eskegi duten bideo baten bidez iragarri zuten heldu den abenduaren 22an Iruñeko Anaitasunan izango direla, arratsaldeko 17.00etan.
"Irtenbidea maitasuna da, alaitasuna, ahizpatasuna. Edo, Anaitasuna?", diote Twitterren eskegi duten bideo laburrean. Etxetik "eskuargia, kopetargia edo ipurtargia" eramateko deia egin dute. "Iruñea iluna argituko dugu". Karrikiri euskal dendan daude salgai ikuskizunerako sarrerak.