Euskararen ordenantza eztabaidatuko du gaur Iruñeko udalbatzak. Aurretik protesta egin du Iruñeko euskalgintzak Udaletxeko Plazan. Iruñeko Udalaren azken erabakiek "flashback moduko bat" eragin dutela salatu dute. "1997ra atzera baino, infinitura eta harago eraman nahi gaituztela dirudi: lehen euskara zen gaitza, orain elebitasuna bera!", ohartarazi du Nekane Otamendik.
Euskararen ordenantza aldatzeko prozesua "gardentasunik gabekoa" izan dela salatu dute, eta "herritarren eskubideen aurka egiteko helburu argia" duela. Ehunka lagun bildu dira Udaletxeko Plazan "Maia entzun, Iruñea euskaldun!" oihu artean.