Nafarroako Gobernuak gaurko bileran onartu du Justiziako Zuzendaritza Nagusiari 2,4 milioi euroko kontratua egiteko baimena ematea Larrialdiko Arreta Psikologikoaren eta delitu-biktimentzako arreta terapeutikoaren zerbitzuetarako eta sexu-erasoen biktima nahiz erasotzaileentzako programa terapeutikoetarako.
Zehazki, kontratua 2.475.000 eurokoa izango da (BEZa salbuetsita) 2020-2024 ekitaldien arteko denboraldirako.
Nahiz eta egun indarrean den kontratua 2020ko abenduaren 31n amaitu, aurrekontu-arrazoiak medio eta azken urteetan premia berriak sortzeagatik indarrean den kontratua deuseztatzea komeni dela ikusi da eta beste lizitazio bat egitea, zerbitzu horretarako aurrekontu handiagoarekin eta programa terapeutiko berriak sartuta.
Aldaketa kasuen profilean
Espetxe Zaintzako Epaitegiak eta Zigorrak eta Neurri Alternatiboak Kudeatzeko Espetxeetako Zerbitzuak eskatuta, sexu-erasotzaileen programa sartu da zerbitzu horietan, Iruñeko Espetxeko barneko presoentzat. Programa hori orain arte bazegoen, baina ez zen espetxeko barneko presoentzat.
Etorkizuneko kontratuan kontuan izango da, baita ere, azken urteetan gehitzen joan dela seme-alaba eta gurasoen arteko indarkeria edota sexu-abusuak edo erasoak jasan dituzten adin txikikoen kopurua. Ildo horretan, biktima horiek arreta terapeutikoa behar badute ere, beharrezkotzat jo da genero-indarkeriaren eta etxeko indarkeriaren biktimak artatzeko programa orokorren erakunde bereizgarria jartzea, adin txikikoen arretak ñabardura ezberdinak izan behar baititu helduen programekin alderatuta.
Hainbat urtetarako inbertsioa bost ekitalditan
Zehazki, Gobernuak baimendutako kontratua Justiziako Zuzendaritza Nagusiak etxeko eta genero indarkeriaren aurka borrokatzeko 2019ko aurrekontuetan aurreikusita duen partidarekin finantzatuko da, eta berdin egingo da 2020, 2021, 2022, 2023 eta 2024ko ekitaldietan. 2,4 milioi eurotatik 225.000 euro kontratuak indarrean den bitartean izan ditzakeen aldaketetarako gordeko dira; hortaz, hainbat urtetarako gastuaren konpromisoa 2.225.000 eurokoa da. Zenbateko hori ekitaldi bakoitzean 450.000 eurokoa izango da (BEZ salbuetsita), 2020.enetik hasi eta 2024.era arte.