Maiak aitortu du Pirritx, Porrotx eta Marimototsen aurkako betoa ideologikoa dela

Euskalerria Irratia 2019ko aza. 20a, 15:55

"Ezker abertzaleari lotuta" daudela kritikatu du, eta azaroaren 29ko ikuskizunerako kontratuaren etetea defendatu du.

Enrique Maia Iruñeko alkateak argi adierazi du bere helburua 'Pirritx, Porrotx eta Marimotots' pailazoek "udalak antolatzen dituen zikloetan ezin jardutea" dela. "Argi dago libre direla beste esparru batzuetan, esparru pribatuan edo beste erakunde batzuekin, hori egiteko; ni ez naiz hor sartuko, baina gu kontratatzea ez da gertatuko", esan du Maiak kazetarien galderei erantzunez.

Azaldu duenez, azaroaren 29an Baluarten 'Pirritx, Porrotx eta Marimotots' pailazoen emanaldirako kontratua bertan behera uzteko "sakoneko" gaia honakoa da: "Pailazo hauek ezker abertzaleari lotuta daude eta ETAko presoen omenaldiak bezalako gai gogorretan ere parte hartu dute".

Beraz, gaineratu duenez, bera alkatea izanik, "biziki" gogaitzen du pailazo horiek udalaren kontratu batekin jardutea, baldin eta "ingurune erradikal horri laguntzeko ildo erabat arbuiagarri horretan" badaude. 

"Denok dakigu zeri lotuta dauden pailazo hauek, nahiz eta ez gustatu, hori errealitate bat da", azpimarratu du Maiak. "Duela urte batzuk, Bilbon, munduko alkaterik onena deitzen dioten horrek, Azkuna jaunak, orain guk hemen egin dugun gauza bera egin zuen".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!