“Jarduteko unea” dela aldarrikatuko dute azaroaren 25eko manifestazioan

Euskalerria Irratia 2019ko aza. 20a, 12:38

Indarkeria Sexistaren Aurkako Plataformak deituta, manifestazioa egingo dute astelehenean, Dena esana dago lelopean. 20:00etan abiatuko da, Gaztelu plazatik.

Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna izango da astelehenean, eta urtero bezala, manifestaziora deitu du Nafarroako Indarkeria Sexistaren Aurkako Plataformak. Dena esana dago goiburua aukeratu dute martxarako, oraindik esateko “asko” duten arren, urteak daramatzatelako antzeko aldarrikapenak egiten, baina hor dirauelako indarkeria matxistak. Hori dela eta, “promesa eta hitz hutsaletatik harago, jarduteko ordua” dela aldarrikatu dute: “Haserre gaude, oso haserre; nazkatuta, komunikabideetako politikariekin, epaileekin, eta oro har, sistema judizialarekin, poliziarekin, erlijioarekin… Tratu txarrak ematen, zalantzan jartzen eta epaitzen gaituzten botere guztiekin. Nazkatuta gaude keinu ikaragarriez, hitz hutsalez, estatu itunez eta betetzen ez diren legeez”.

Politikarien hipokresia, beldurrean eta zigorrean oinarritutako sistema judizial patriarkala eta emakumea zalantzan jartzen eta biktimizatzen duten komunikabideak salatu, eta indarkeria matxista desagerrarazteko neurriak eskatu dituzte.

Eskaeren artean honakoak nabarmendu dituzte: feminismoa zehar-lerro gisa izango duten aurrekontuak; bestelako harreman ereduak eskainiko dituen hezkuntza afektibo-sexuala eta benetako hezkidetza erreala; benetako justizia egingo duen justizia sistema bat; erasoak errespetuz eta egiatasunez landuko dituzten komunikabideak, eta emakumeen lan baldintza eta pentsio duinak bermatuko dituen enplegu politika.

Horien guztien alde jarduteko unea dela aldarrikatu dute gaur, eta hala egingo dute astelehenean ere, indarkeria matxistaren aurkako manifestazioan. “Gu hiltzeari eta erasotzeari uztea eta askatasunean bizitzea nahi dugu, inolako beldurrik gabe, eta lanean jarraituko dugu, eragile sozial, politiko eta instituzional bakoitzari interpelazioa eginez, indarkeria matxista desagerrarazteko neuri eraginkorrak lantzen has daitezen”, adierazi dute. Honela amaitu dute hitzartzea: “Erne egongo gara, eta aurrean izango gaituzue. Dena esana dago, jarduteko ordua da”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!