Hiru urteko kartzela zigorra, 2016ko Sanferminetako bortxaketa grabatzeagatik

Euskalerria Irratia 2019ko aza. 20a, 10:22
  • Taldeko guardia zibila eta militarra zigortu dituzte, delitu "larria"egotzita
  • Akusazio partikular eta herri akusazioak intimitatearen aurkako delitu batengatik eskatutako zigorrik handiena ezarri du Nafarroako Auzitegiko Bigarren Atalak.

Nafarroako Auzitegiko Bigarren sekzioak 3 urte eta 3 hilabeteko kartzela-zigorra eta 5.670 euroko isuna ezarri die, intimitatearen aurkako delitu baten egile gisa, 2016ko uztailaren 7an Iruñean egindako talde-bortxaketa jarraituaren zazpi bideo grabatu eta bi argazki egin zituzten auziperatutako bi gizonezkoei, beste hiruak zigorrik gabe geratu dira auzi honetan.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Arlo Zibil eta Penaleko Salan errekurritu daitekeen epaian, epaileek bi kondenatuei, Antonio Guerrero Escudero, Guardia Zibila eta Alfonso Cabezuelo espainiako militarra, akusazioek eskatutako espetxe zigorrik handiena ezarri diete — partikularra, biktimak erabilia, eta bi herri akusazioak, Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak erabilia —, bai eta kasu honetan erreklamatutako isunik handiena ere.

Gaur jakinarazitako epaian, Auzitegiak 2018ko apirileko ebazpenean frogatutzat jotako gertakarietara jotzen du. 2016ko uztailaren 7ko goizaldean Iruñeko Paulino Caballero kaleko atari batean izandako talde-bortxaketan, zigortuetako batek, Antonio Guerrero Escuderok, sei bideo grabatu zituen eta bi argazki egin zituen bere telefonoarekin;  Alfonso Cabezuelok berriz, grabazio bat egin zuen mugikorrarekin.

Hiru epaileek adierazi dutenez, grabazioak eta bi argazkiak bi zigortuek egin zituzten, biktimari "sexu-izaerako ekintzak atzemateko eta jasota uzteko asmoz", baina biktimak ez zuen onartu "grabazioak egitea edo argazkiak ateratzea".

Egitateak, larderiaz — bortxaketaz — eratutako sexu-erasoaren delitutzat jotzen direnak, "Bateraezinak dira salatzaileak berariaz edo isilbidez baimena ematearekin", "Bideo-grabazioak egiteko" eta argazkiak hartzeko; izan ere, epaileek azaldu dutenez, "Oso agerikoa da erasoa jasaten ari denak ezin duela baiezkorik eman intimitatean sartzeko ekintza horietan".

Epaileek azaldu dutenez, delitua bideoak eta bi argazkiak hartzeagatik gertatu zen. Horri dagokionez, bi kondenatuek izandako jokabidea delituaren "azpimota astunduaren" barruan sartzen da, "Agerikoa baita grabatutako bideoek eta hartutako argazkiek salatzailearen pribatutasun-esparru intimoeneko datu pertsonalei eragiten dietela, hala nola, aginduan jasotako beste kasu batzuen artean, bizitza sexualari buruzko guztiari, haren baimenik gabe egindako izaera sexualeko ekintzak islatuz".

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!