Apustu etxeentzako lizentzia berririk ez du emanen Iruñeko Udalak urtebetez

Euskalerria Irratia 2019ko aza. 19a, 07:43

Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak astelehen honetan onartu du apustu-etxeetarako, joko-aretoetarako eta bingoetarako obra-lizentziak eta irekiera-lizentziak hamabi hilabetez etetea.

Horrez gain, udalerrian mota horretako establezimenduek gaur egun duten egoerari buruzko azterketa bat hastea adostu du, baita horri buruzko hirigintza-araudiaren balizko aldaketa bat aztertzea ere.

Iruñeko Udalak ohar batean adierazi du hainbat direla neurri hori hartzera eraman duten arrazoi sozial eta administratiboak. Batetik, "alarma soziala", horrelako establezimenduen ugaritzearen eta jokoaren eragin adiktiboaren aurrean. Bestetik, lokal horien erregulazio berri bat ezartzeko beharra. Eta, azkenik, Nafarroako Gobernuak joan den urriaren 30ean hartutako erabakia, hots, Foru Erkidegoan establezimendu berriak irekitzeko baimenen emakidak sei hilabetez bertan behera uztea, araudi aldaketa bat aztertzeko.

Bi administrazioak, bai Foru Gobernua bai Udala, eskutik doaz gai honetan, eskumen konkurrenteak baitituzte. Foru Exekutiboak jardueraren aurretiko baimena ematen duen bitartean, udalak dira obra eta irekitze lizentziak emateko ahalmena dutenak. Horrela, horrelako lokal bat ustiatu ahal izateko, beharrezkoa da bi administrazioen lizentziak izatea, baina lizentzia horiek independenteak dira bata bestearengandik. Horregatik, foru gobernuak onartutako etenduraren aurrean, gerta zitekeen lokal batek udal lizentziak izatea, baina ezin irekitzea, aldez aurretik jarduera baimenik ez zuelako.

Hori da, hain zuzen ere, Iruñeko Udalak etenaldi hori erabaki izanaren arrazoietako bat, lizentziak ez emateko modu bat, gerora autonomiaren etorkizuneko erregulazioaren aurkakoak izan zitezkeenak. Ildo horretan, beharrezkotzat jotzen du Nafarroako Gobernuaren erregulazioa ezagutzea, hirigintza araudi koordinatua ezarri ahal izateko.

Udal Plana eraberritzea

Joan den irailaren 11n aurkeztu zuen EH Bilduren udal-taldeak, arau-proposamen gisa, apustu-etxeak eta joko-lokalak arautzeko ordenantza-proposamen bat eta ludopatiaren prebentziorako neurrien proposamen bat. Proposamenak hirigintzako alderdiak eta publizitateari, babesletzari eta adikzioak prebenitzeko neurriei buruzko beste alderdi batzuk jasotzen zituen.

Ekimen horri buruzko aurretiazko kontsulta-prozesu bat egin zen inplikatutako eragileekin (ludopatia-elkarteak eta apustu-etxeen enpresak), eta ekarpenak jaso ziren, orain hasiko den erregulaziorako oinarri izango direnak.

Hirigintza Batzordeak urriaren 23an, aho batez, “Udalari lizentziak ematea eteteko espedientea aztertzeko eta, hala badagokio, hasteko eskatzea” onartu zuen, hirigintza arautzeko proposamena tramitatu bitartean. Era berean, Nafarroako Gobernuarekin eta foru parlamentuko lantaldearekin modu koordinatuan lan egitea adostu zuen alor horretan neurriak hartzeko orduan.

Hala ere, proposamen horretan planteatzen zen lizentzien etetea ezin da ordenantza bidez egin. Horregatik, Udalak hiriko erabilera eta jardueren ezarpena arautzen duen Udal Planaren Hirigintza Araudi Orokorraren erreforma planteatu du, proposamen horri erantzuteko.

Gainera, zerbitzu juridikoek hirigintza-araudi berriari hasierako onespena eman aurretik lizentziak etetea babesten dute, gehienez ere urtebetez; epe hori bi aldiz luzatu ahal izango da, baldin eta lehen epe horretan hasierako onespena ematen bada. Aurretiazko etete hori hirigintza-araubide berria bermatzeko kautelazko neurri bat baino ez da. Tokiko Gobernu Batzarra da erabaki hori hartzeko organo eskuduna, astelehen honetako bilkuran egin duen bezala.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!