Dilubio iruindarra: 19 egun jarraian euripean

Euskalerria Irratia 2019ko aza. 18a, 11:33
Interneten aurkituriko muntaia (ezin izan dugu egiletza baieztatu)
  • Urriaren 31tik lehendabizikoz, bihar ez du euririk eginen, meteorologoen iragarpenen arabera.
  • Azaroa jada hamarkadako 4. hilabeterik euritsuena da, amaitzeko oraindik 10 egun falta zaizkiolarik.

Dilubio unibertsalaren erdia, ia. Gutxi gorabehera, horixe da Iruñean azaroan pairatu duguna. Bibliaren arabera, dilubio unibertsalak 40 egun iraun zuen. Iruñean, azken 19 egunetan euria egin du, urriaren 31tik eta gaur arte –gaur barne–, egunero-egunero. Azken hamarkadan ez zen halakorik gertatu. Euskaldunon hiri buruzagia bainoago ez ote den gurea euritakodunon hiri buruzagia.

Hemeretzi egunotan, guztira 191 litro jaso dira metro koadroko. Azaroa amaitzeko oraindik hamar egun falta direlarik, hamarkadako laugarren hilabeterik euritsuena da, seigarrena 2004tik, Jorge Nagore twitterlariak txio batean nabarmendu duenez.

Gutxigatik, baina ez ei gara iritsiko dilubio unibertsalaren erdira, 20. egun euritsura; izan ere, meteorologoen iragarpenen arabera, bihar ez dugu prezipitaziorik izanen.

Aste honetan, euri gutxiago eta hotz gehiago 

Astelehen honetan zerua hodeitsu edo tarteka hodeitsu egongo da, baina hego-ekialdean eta inguruan hodeiak ugariagoak izango dira. Iparraldean eta mendebaldean zaparrada batzuk espero dira, baina ez dira hain ohikoak izango hegoaldean eta ekialdean. Batez besteko elur-kota 1.000/800 metro ingurukoa izango da. Tenperatura minimoak -1/4 artean mugituko dira eta maximoak 4/9 gradu inguruan. Zierzo ahul eta moderatua ibiliko da, bolada gogorrekin, batez ere erriberan, eta egunaren amaieran amainatzeko joera izango du.

Asteartean, lanbroa edo goizeko lainoa sortuko da zenbait haranetan. Eguna eguzkitsua izango da. Tenperatura minimoak -2/3 artekoak izango dira, izotzaldi batzuekin, eta maximoak 6/11 gradu ingurukoak, eta altuenak ibaiertzean. Ipar-mendebaldeko haize ahul edo moderatua ibiliko da, eta egunaren amaieran bare geratuko da.

Asteazkenean zerua hodeitsu egongo da. Eguerdia igaro arte euri gutxi egingo du. Arratsaldean, zaparrada batzuk modu irregularrean bota ditzake, baina edozein puntutan bota dezake. Elur-kota 1.000 metrotik 1.600 metrora igo da. Tenperatura minimoak -1/4º-koak izango dira, eta maximoak 7º/12º-koak. Hego-ekialdeko eta hegoaldeko haize ahul edo moderatua, bolada gogorrekin, mendian eta komunitatearen iparraldeko haizeguneetan.

Aste amaierarako fronteren bat igarotzea espero dute, euri apur batzuekin, baina azken egunetakoa baino gutxiago eta ugariagoak izango dira.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!