Maider Beloki: “Pirritx eta Porrotxen kontratazioaren prozedura ohikoa da, ez dago apurtzeko aitzakiarik”

Euskalerria Irratia 2019ko aza. 15a, 13:13

Navarra Sumak Irrien Lagunak kontratatzerako orduan izan diren “irregulartasunei” heldu die pailazoen ikuskizunarendako baimena ukatzeko. Kultur zinegotzia izandako Maider Belokik argudioa ezeztatu du, ikuskizun artistiko guztiak baldintza horietan egiten direla azalduz. Nafarroako Kontseilura eraman du auzia Navarra Sumak.

Maria Gracia Barberena, Navarra Sumako kultur zinegotziak Maider Belokiri leporatu dio Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen ikuskizunaren debekua. “Txosten teknikorik eta inolako daturik gabe egindako kontratua da”, azaldu du Barberenak, “Nik ezin diot kontratu horri bide eman eta horregatik eraman dut Nafarroako Kontseilura, legezkoa den ala ez ebatz dezan”. Erantzuna berehala eman dio Maider Belokik, “Pirritx, Porrotx eta Marimototsen kontratua, prozedura legal eta ohikoak erabilita egin zen, bai EH Bilduk eta baita Navarra Sumak ere beti egiten duen moduan”. “Debekuaren arrazoia ez da teknikoa, ideologikoa baizik” gaineratu du EH Bilduko zinegotziak, “Euskararen kontra Navarra Sumak duen obsesioaren adibidea besterik ez da”.

Iruñeko Udalak ez dio Irrien Lagunen ikuskizunari bide emango, Nafarroako Kontseiluaren ebazpena izan arte. Pirritx, Porrotx eta Marimototsek Arartekoari eskatu diote laguntza, azaroaren 29ko emankizuna egin ahal izateko. Datozen egunotan espero da bere txosten eta ebazpena.

Astelehenean, 17:00etan, prentsaurrekoa eginen dute Iruñean, Katakrak liburu-dendan, Arartekoaren erabakiaren eta udalaren erantzunaren berri emateko. Jarraian, 17:30ean, Katakraken bertan,batzar irekia eginen dute: "Haurrei, gurasoei, urte hauetan guztietan Iruñean, Nafarroan osoan egin ditugun lagun ugariei egoera azaldu nahi diegu".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!