Labriteko pasabideko karga probaren aurka azaldu da Iruñeko udalbatzaren gehiengoa

Euskalerria Irratia 2019ko aza. 15a, 09:28

Oposizioan dauden alderdien ustez, egitekoak diren probek udalaren jarrera ahuldu dezakete kalte ordaina eskatzerako orduan.

EH Bilduk eta PSNk Labriteko pasabidearen inguruko ekimen bana aurkeztu zuten atzoko udal osoko bilkuran. Udal gobernuaren "aldebakarreko erabakiak" salatzen ditu EH Bilduk aurkeztutakoak eta proba bertan behera uzteko galdegin dute testuaren bitartez. PSNk, berriz, informazio falta salatu du aurkeztutako ekimenean. Geroa Bairen aldeko botoekin eta Navarra Sumaren ezezkoekin onartu egin zituzten biak.

Oposizioan dauden alderdien ustez, egitekoak diren probek udalaren jarrera ahuldu dezakete obraren egileei kalte ordaina eskatzerako orduan. 800.000 euroko kalte-ordaina aurreikusi dute.

EH Bilduko Joxe Abaurreak, Euskalerria irratian azaldu duenez, egindako ikuskapenek agerian utzi dute "agortuta" dagoela pasabidea: "Ezin da erabili". Egoera konpontzeko lehiaketa bat egitea eta pasabide berri bat egitea proposatu du zinegotziak. Bide beretik jo du Geroa Baiko Antso Fernandeze: "Pasabidea berreskuratzea da helburua, eta udalaren interes ekonomikoak defendatzea". 

"Pisu erataineko hiru personek" eginen dute karga proba

Hilabete hasieran eman zuen Iruñeko alkateak Labriteko pasabidearen egoera ezagutzeko hartutako erabakiaren berri. Nafarroako Bide, Ubide eta Portuetako Ingeniarien Elkargoa arduratuko da ikuskapenak, saiakuntzak eta probak egiteaz, besteak beste karga-probak, Labriteko pasabidearen egituraren gainean, haren egoera "erreala" ezagutzeko. "Pisu ertaineko (70 kilo) hiru pertsona oinez igarotzearekin gauza asko ezagutuko dira azpiegitura hori benetan funtzionatzen ari den moduari buruz", Maiak azaldu zuenez.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!