Partaidetza Erregelamendua onartzeko azken bozketa egin zuten atzo Iruñeko udal osoko bilkuran. Navarra Sumako zinegotziek abstentziora jo zuten, erregelamenduak arautzen dituen partaidetza organoek euskarazko izenak jasotzen dituela argudiatuz: Hirigunea, Auzogunea, Elkargunea eta Behatokia.
Navarra Suma abstenitu zen arren, araudia onartu egin zuen udalbatzak, EH Bilduren, PSNren eta Geroa Bairen 14 boto lortu baitzituen testuak.
"Gaztelaniazko testuak euskarazko terminoak ditu, gure ustez, baztergarriak dira", hala argudiatu du Fernando Sesma Herritarren Partaidetzarako zinegotzi delegatuak abstentzioa. Navarra Sumak bi zuzenketa aurkeztu zizkion azken testuari. Atzera bota zituen udalbatzak.
Euskalerria irratiko Metropoli Forala saioan EH Bildu Joxe Abaurreak azaldu duenez, haren ustez, "euskararen aurkako jarrara" baino, aurreko legegintzaldian agintzen zuten indarren araudi bat onartzeko "ezintasun politikoa" dago Navarra Sumaren abstentzioaren atzean. "Ezintasun horregatik aitzaki hori agertu dute. Eta zer nolako aitzakia? Euskararen aurkakoa. Eskuinak sorpresarik ez du ematen".
Geroa Baiko Antso Fernandezek araudia onartu izanean jarri du ikusmira. "Gehiengoa nabarmendu da berriro. Niretzako oso pozgarria da, lan handia egin genuen eta egin dute parte hartu duten gutziek". Partaidetza Erregelamenduak eskumenak deszentralizatuko dituela azadu du Fernandezek.