Oskoz Taldeko eraikin bat eraitsiko du udalak, plaza bat sortu eta ingurua bezpizteko

Euskalerria Irratia 2019ko aza. 14a, 14:19

Operazioa joan den legealdian jarri zuten martxan, eraikinaren erosketarekin.

Arrotxapea auzoko Oskoz Taldeko 12 eta 14 zenbakidun eraikina eraisteko lanen lizitazioa onartu du gaur, ostegunarekin, Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak. Asmoa da oinezkoentzako plaza bat sortzea libre geratuko den orubean, eta Esku Hartzeko Plan Orokor bat bultzatuko da (jada onartuta dagoena) inguruko zortzi atariak birgaitzeko, haien baldintza energetikoak, irisgarritasunekoak eta estetikoak hobetuz.

Iruñeko Udalak 2017 amaieran eraitsiko duten eraikina erostea onartu zuen, 593.720,63 euroren truke. Arrotxapea auzoko higiezin zaharrenetako bat da, eta indarrean dagoen plangintzak antolamendutik kanpo deklaratzen du. Lurzatian zolatutako gune ireki bat sortuko da ibilgailurik gabe oinezkoentzat erabiltzeko.

Eraisteko eta urbanizatzeko jarduketez gain, modu paraleloan, Udalak Esku Hartzeko Plan Orokor bat bultzatu du, zeinaren bidez obrak egingo baitira fatxadetan eta estalkietan inguratzaile termiko berriak jartzeko eta irisgarritasuna hobetzeko, oztopo arkitektonikoak kenduta eta igogailuak instalatuta. Lanak errazte aldera, Iruñeko Udalak hitzarmenak sinatuko ditu bizilagunen komunitateekin, eta diru laguntzak eta finantzaketa lortzea erraztuko dute.

Eraispen-prozedura abenduan egingo da, lau astez, eta eskuz, elementuz elementu, eta mekanikoki pala bidez egingo da, eraikinaren barrurantz eraitsiz. Gainerako eraikinak hurbil daudenez, ahalik eta arreta handienaz jokatuko da, eta hormak behar bezala funtzionatzeko behar diren eraikuntza-elementuez hornituko dira. Aldamio perimetral bat jarriko da kanpoko sare tupitu batekin, inguruko eraikinetan eragina izan dezaketen objektuak ez erortzeko; horrez gain, ureztatzearen bidez sortutako hautsaren afekzioa minimizatuko da, eta gutxienez bi metroko altuera duen hesi perimetral bat jarriko da. Eraispena eraikuntzaren alderantzizko ordenan izango da, eta solairuz solairu jaitsiko da. Jarduera honen aurrekontua 109.534 eurokoa da.

Eraispenaren ondoren, plazaren berritze osoa iritsiko da. Joaquin Beunza kaleko sarreraren eta Marcelo Zelaietaren arteko desnibela salbatuko da, 120 cm-koa baita, eskailera eta arrapala handi baten bidez. Lurpeko instalazioak berrikusiko dira, eraitsitako eraikinekoak kenduta, eta kutxatilak eta hodiak sortuko dira telefoniako eta elektrizitateko aireko azpiegiturak lurperatzeko. Zoladura berria hormigoizko zolataz egingo da barrualdean, eta baldosa hidraulikoz Joaquin Beunza kalearekiko lotunean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!