Profil beretik euskaraz eta gaztelaniaz aritzearen alde egin du Iruñeko udalbatzak

Euskalerria Irratia 2019ko aza. 12a, 17:12

EH Bilduren, PSNren eta Geroa Bairen aldeko sei botoekin eta Navarra Sumaren aurkako botoekin onartu dute adierazpena.

Udalak sare sozialetan ezartzen duen informazioetan "formatu elebiduna mantentzea" adostu du Iruñeko Udaleko Presidentetza Batzordeak. EH Bilduren (3), PSNren (2) eta Geroa Bairen (1) aldeko sei botoekin eta Navarra Sumaren (5) aurkako botoekin onartu dute adierazpena, eta "formatu elebidunari eustea" adostu dute, "udalaren informazioa bi hizkuntzekin (euskara eta gaztelania) euskarri berean eskainiz".

Proposamena EH Bildu udal taldeak aurkeztu du, udal sare sozialetan izandako aldaketagatik; izan ere, bi profil izatera igaro dira, bata gaztelaniaz eta bestea euskaraz, profil elebidun bakarra izan beharrean.

Udalak 16 kontu aktibo ditu sare sozialetan: Udala, Kultura, Turismoa, Gazteria, Merkataritza, San Fermin, Parte-Hartzea, Harrotu, Udaltzaingoa, Berdintasuna, Kirola, Ingurune Hezkuntzako Museoa, Joaquín Maya Musika Eskola, 010, Iruñea 2030 eta Hiriartea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!