Euskal kulturak Nafarroan dituen erronkak zehazteko jardunaldiak egingo dituzte urtarrilean

Euskalerria Irratia 2019ko aza. 12a, 13:55

Nafarroako euskara teknikarien sareak, Elkar fundazioak eta Karrikiri elkarteak antolatu dute, Hari izpia hartzen izenburupean.

Nafarroako euskara teknikarien sareak, Elkar fundazioak eta Karrikiri elkarteak kezka bat partekatzen dute: Nafarroako euskal hiztunen komunitatea handituz doan arren, ez da handitzen ari euskal kultura kontsumitzen dutenen kopurua. Sorkuntza aberatsa eta komunitatea trinkoak diren arren, transmisioa ahula da; eten egin da. Gogoeta horietatik abiatuta, Hari izpia hartzen izeneko jardunaldiak antolatu dituzte urtarrilaren 24rako, eragileen artean gogoeta bateratu bat egiteko, diagnostiko bat osatzeko eta aurrera begirako lan ildoak eta erronkak zehazteko.

Jon Jaka Elkar fundazioko lehendakariak azaldu du gogoeta hori gaur goizean, jardunaldien aurkezpenean. Haren hitzetan, hezkunzta arautuan baliabideak falta dira, hizkuntzaren irakaskuntzarako material asko dagoen arren, ez baita euskal kultura zehar lerro gisa lantzeko moduko materialik. Bestalde, teknologia berriek sozializatzeko bideetan eragin dituzten aldaketek "iraultza kultural" bat eragin dute, eta horretara moldatzeko beharra ere badago. Azkenik, erakndeen eta kultur eragileen arteko lan bateratuaren beharra dago, euskal kultura ez baita agenda politikoan garrantzia duen gai bat. 

Kezka horiei aurrean, erronkak zehazteko hitzaldi eta gogoeta zenbait egingo dituzte jardunaldietan. Egunari hasiera emateko, Josu Amezaga EHUko irakasleak 'Euskal kulturaren kontsumoa' izeneko hitzaldia emango du, eta hura ulertzeko garrantzitsuak diren gako zenbait eskainiko ditu. 

Horren ondorengo ekitaldia izango da topaketaren hitzordu nagusia. Euskal kulturak Nafarroan dituen erronken inguruko gogoeta gidatu bat izango da, Jon Abrilek zuzendutakoa. Hark azaldu duenez, ariketaren bitartez euskal kultur sormenak eta produkzioak euskararen normalizazioan, eta alderantziz, euskararen normalizaziotik euskal kulturaren sormenean eragiten zer eta nola egin behar den hausnartuko dute. 

Gogoeta horren ondoren, Miren Artetxe bertsolari eta EHUko irakasleak gazteen eta transmisioaren inguruko hitzaldia emango du, Ipar Euskal Herriko bertso eskoletan egindako azterlanetatik abiatuta.

Amaitzeko, solasaldi bat egingo dute, Euskal Herriko hiru esperientzia ezagutzeko: Aitor Elexpuru Berako alkateak, Xabier Gantzarain Azpeitiko kultur mahaiko kideak eta Gartzen Garaio Aiaraldeko Ekintzen faktoriako kideak beren herrietako kultur esperientziak azalduko dituzte.

Kondestablearen jauregian egingo dituzte jarduera guztiak, eta irekiak izango badira ere, parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute, urtarrilaren 17ra arte, euskara@sakana-mank.eus  helbidean. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!