Apustu-etxearen kontrako plataforma honetan bat egin dute emakumeen arretarako Andraize gunea, auzoko Jai Batzordea, Armonia Txantreana Peña eta zonaldeko eskoletako guraso elkarteek. Atzo, agerraldia egin zuten Txantrean bertan, manifestua aurkezteko.
Agirian ohartarazi dutenez, "Horrelako negozioen irekiera hiri osoan zabaldu da, batez ere auzo eta herri langile eta xumeetan zentratuz". Negozio mota horiek "gazte langileengan mendekotasun bihurtuko diren ilusio ekonomiko faltsuak" sortzen dituztela diote."Erantzukizun kolektiboa, solidarioa eta bizilagunena" dela uste dute, eta "bizilagunak joko patologikoaren edo ludopatiaren infernutik ez igarotzea" bilatzen dute.
Halaber, administrazio ezberdinei ludopatia eta apustuekiko mendekotasuna prebenitzeko plan integral espezifiko bat martxan jartzeko eskatzen diete, eta "sektore ahulenekin premiaz" aisialdi arduratsu eta osasuntsuan heztea lantzen hasteko.
Gainera, azaroaren 13an, asteazkena, 19: 00etan, Txantrea auzoan zabaldu nahi den apustu-etxearen lokalaren aurrean egingo den kontzentraziora deitu dituzte herritarrak.
Mobilizazio horiek bat egiten dute Sanduzelai auzoan duela aste batzuetatik helburu bera izaten ari direnekin.