Maiak atzera egin du: orain dio gehiengoari men egingo diola, baldin eta dietak kentzeko eskatzen badio

Euskalerria Irratia 2019ko aza. 7a, 07:52

Enrique Maia eta Javier Esparza, maiatzaren 26ko hauteskunde gauean

Alkateak orain arte Navarra Sumaren goi-kargudunei Comiruña sozietatean gainsariak ordaintzea defendatu du. EH Bilduk demanda zibila aurkeztu eta gero etorri da Maiaren jarrera aldaketa.

Enrique Maia alkatea prest agertu da gehiengoaren irizpideari men egiteko eta Comiruñako dieten ordainketa bertan behera uzteko: 361,5 euro bilera bakoitzagatik.

SER irratian atzo adierazi zuenez, udalbatzaren erabakia onartzeko prest dago, eta konpromisoa hartu zuen Comiruñako Kontseiluari dietak kentzeko erabakia helarazteko, udal gehiengoak hala erabakiko balu. Prozedurari buruz zalantzarik egon ez zedin, gaia datorren asteko ostegunean egingo den osoko bilkuran jorratzea komeni zela planteatu zuen alkateak.

Maia alkatea joan den legealdian bertan behera utzitako dieta sistema berreskuratzen ahalegindu da. EH Bilduk, PSNk eta Geroa Baik (Udalbatzako gehiengoa osatzen duten taldeek) halakorik ez egiteko eskatu zuten Presidentetza Batzordean, baina Maiak entzungor egin zion, orain arte, eskaera horri.

Egoera horren aurrean, oposizioko taldeek eskaera bat aurkeztu zuten joan den astean Comiruñan, eta EH Bilduk salaketa bat aurkeztu du Merkataritza arloko epaitegian, Nafarroa Sumak Comiruñan sistema berreskuratzeko erabili zuen prozeduraren aurka.

Demandaren argumentazio juridikoa Kapital Sozietateen Legearen 217. artikuluan eta Comiruñako estatutuen 11. artikuluan oinarritzen da.

Lehenengoan, ezartzen da enpresa publikoen kasuan irizpide orokorra kontseilari-kargua doakoa izatea dela, "estatutuek kontrakoa xedatzen ez badute", eta zehazten du "administratzaile guztien urteko ordainsaria, administratzaile diren aldetik, Batzar Orokorrak onartu beharko duela". Comiruña ehuneko ehunean udal enpresa denez, Batzar Orkor hori osoko bilkura da, baina Maiak dietak berreskuratzea Administrazio Kontseiluan dauka (hor gehiengoa dauka Navarra Sumak berak izendaturiko goi kargudunei esker).

Dietak konfiantzazko langileen soldatak handitzeko modu gisa erabiltzeagatik egindako kritikez gain – Comiruñaren kasuan, Alkatetza Kabineteburua eta arloko 3 zuzendari dira onuradunak –, udal-taldeek zalantzan jarri zuten 4 pertsona horien botoa erabakigarria izan zela dietak berreskuratzea onartu zen bilkuran. Bilera horrek 40 minutu iraun zuen, eta goizeko ordutegian egin zen, udaletxean bertan, Comiruñako guztiak bezala. Dietak dagoeneko ordainduta daude.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!