Maiaren dieten kontrako salaketa jarri du EH Bilduk

Euskalerria Irratia 2019ko aza. 5a, 11:14

EH Bilduk Iruñeko Merkataritza Epaitegiaren aurrean demanda zibila aurkeztu du, Navarra Sumak Comiruñako kontseiluan ezarritako dietak baligabetu ditzan. 361,5 euroko gainsoldatak banatu ditu Enrique Maia alkateak, Comiruña udal enpresaren bileretan parte hartzeagatik. Oposizioak aho batez eskatu dio alkateari dietak bertan behera utzi ditzala. Eskuinen koalizioak gainsoldatak berreskuratzeari eutsi dio.

Pasa den urriaren 3an Navarra Sumako Ana Elizalderen presidentziapean, kontseilua egin zuen Comiruñak. Dietak kobratzea bozkatu eta onartu zuten, tartean eskuinak izendatutako zuzeneko lau karguen parte hartzearekin. Modu honetan, pasa den legegintzaldian aldaketaren gobernuak bertan behera utzita dieta sistema polemikoa berreskuratu zuen eskuinak. EH Bilduk bere demandan azaldu duenez, entitatearen estatutoetan, “administratzaileen ordainsariak ezartzea, Batzar Nagusiaren zeregina da, hau da Iruñeko udalbatzarena” zehazten da. Navarra Sumak ez zuen dieten eztabaida Iruñeko bilkurara eraman, gutxiengoan baita eta Comiruñan bertan, beraiek izendatutako kideekin egin zuten bozketa. EH Bilduk akordio hau bertan behera uztea eskatzen dio Iruñeko Merkataritza Epaitegiari.

“Aurreko legegintzaldian bezala, dieta eta gainsoldatarik gabeko Udala izatera bueltatzea da garrantzitsuena” azaldu du Joseba Asiron EH Bilduko zinegotziak, “Horretarako posible diren bide guztiak erabiliko ditugu, bai demanda zibila, baita Comiruñako batzar nagusi baten ez ohiko deialdia”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!