Iruñeko etxerik gabeko pertsonen arretarako zentroak 1.942 erabiltzaile hartuko ditu aurten

Euskalerria Irratia 2019ko aza. 4a, 17:28

Udazken honetan ez da aplikatu behar izan hotz-boladagatiko protokoloa, baina urtarriletik maiatzera bitartean 796 gaualdi izan ziren arrazoi horrengatik.

Tokiko Gobernu Batzarrak astelehen honetan onartu du Iruñeko Udaleko Etxerik Gabeko Pertsonen Arretarako udal zerbitzua kudeatzeko kontratuaren bigarren luzapena. Udalak 846.764,18 euro (BEZa barne) bideratuko ditu zerbitzu horretarako 2020ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean, eta kudeaketa Xilema Programas S.L.U. enpresari dagokio.

Aurten, urtarrilaren 1etik azaroaren hasiera arte, 1.942 pertsona joan dira zentrora. 2018an, urte osoan, 2.045 pertsona desberdin artatu ziren. Urteko lehen hamar hilabeteetan artatutako 1.942 pertsonetatik 152 kaleko arretarako programatik zetozen, 1.429 ibiltarien programatik, 44 erroldatutakoen programatik eta 254 hotz-olatuen programatik (joan den negukoak).

Gipuzkoa etorbideko (Trinitarios) Etxerik Gabeko Pertsonen Arretarako Zentroa 865 m2-ko gunea da, bi solairutan banatuta. 50 plaza ditu (25 ibiltarientzat eta 25 erroldatutakoentzat), bi ostatu-kategoria, funtzionamendu-baldintza eta -arau desberdinekin. Zentro horretan, etxerik gabekoen ostatu, higiene eta elikadura behar primarioak asetzen saiatzen da Iruñeko Udala.

Pertsona horien profila ez dago soilik baliabide ekonomiko faltarekin lotuta. Oro har, pentsio oso baxuak izan ohi dituzte, eta, kasu batzuetan, eskean bizirauten dute, adikzioak, osasun mentaleko arazoak edo krisi koiunturaleko egoerak izaten dituzte. Normalean, gainera, ez dute baliabide pertsonalik eta laguntzarik izaten bizi-beharrei (osasuna, etxebizitza, mantenua) aurre egiteko, eta, beraz, oso gutxitan sartzen dira biztanle guztientzat ezarritako arreta-zirkuitu sozialetara, udalak jakinarazi duenez.

Iraila, 2019an eskari gehien izan duen hilabetea

Urtarriletik eta joan den hilabetera arte 10.842 egonaldi hartu ditu zentroak, 1.257 urrian. Egonaldi horietatik 800 erroldatutako pertsonei dagozkie, eta 457 erroldatu gabeko pertsonei. 2019an, gau gehien irailean izan dira, 964 eta 351, hurrenez hurren. Udazken honetan oraindik ez da hotz-boladagatik protokoloa aplikatu behar izan; hala ere, aurtengo urtarrila eta maiatza bitartean ia 800 ostatu-gau eman ziren baliabide horren eraginpean. Kopururik handiena urtarrilekoa izan zen, 300 egonaldirekin.

2018ko datu osoak profilak ezartzeko erabiliz, zentroko erabiltzaileen eta haien programen %87 gizonak izan ziren, gehienak 35 eta 54 urte bitartekoak (guztizkoaren % 56,50). 70 nazionalitate arteko erabiltzaileak erregistratu ziren, baina %41,53 jatorri nazionalekoak ziren. Erabiltzaileen ehunekoan, Maroko izan zen hurrengo nazionalitatea, %17,78. 2018an erabiltzaile guztiak 2.045 izan ziren.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!