Nafarroako Gobernuak eta Uharteko Arte Garaikidearen Zentroak elkarlanean, arte plastikoen eta ikusezkoen proiektuak ekonomikoki babesteko programa bat antolatzen dute urtero, eta 2017tik, horiek ikusgai jartzen dituzte erakusketa batean. Iazko deialdiko proiektuak ikusgai jarri dituzte Baluarte jauregian, azaroaren 24ra arte. Egitasmo horrekin, proiektuei ibilbidea eman eta gizartearengana hurbiltzea dute helburu.
Ikusgai dauden proiektuak iazko programan laguntza jaso zuten artistenak dira: Amaia Gracia, Andrea Ganuza, David Mutiloa, Estitxu Arroyo, Marisa Mantxola, Xabier Erkizia eta Txuspo Poyo. Artista bakoitzak bere proiektua gauzatzean 2018an egindako prozesua erakusteko modua aukeratu du. Lanen artean diseinua, gorputza, zinemagintza, soinua, marrazkilaritza eta eskulturari lotutako proiektuak daude. Oskia Ugarte Uharte Zentroko zuzendariak horien "aniztasuna" nabarmendu du: "Nafarroako artearen argazki bat ematen dute".
Erakusketa azaroaren 24ra arte egongo da zabalik, eta aurreko astean, 948 Merkatuaren testuinguruan, bisita gidatuak antolatuko dituzte.