15 milioiko inbertsioa proposatu du Maiak, Labriteko pasabiderako edota AHTa garatzeko

Euskalerria Irratia 2019ko urr. 29a, 15:02

Iruñeko Udalaren 2020ko aurrekonturako gastu muga 213,1 milioi eurokoa da, 2019ko hasierako aurrekontu luzatua baino % 11,8 handiagoa.

Iruñeko Udalak 2020ko udal aurrekontuan 213,1 milioi euroko gastu muga aurreikusten du datorren urterako. Kopuru hori 2019ko hasierako aurrekontu luzatua (188 milioi euro) baino % 11,8 handiagoa da.

Inbertsioetara 15 milioi euro bideratu lituzke Navarra Sumak, besteak beste, Labriteko pasabidea berreskuratzeko, AHTa bultzatzeko, Santo Domingoko baratzetako aparkalekurako, Santa Engraziko presa txikia konpontzeko edota trenaren parke tematikoa garatzeko. "Ezer ez da ukiezina", adierazi du Enrique Maia Iruñeko alkateak; izan ere, Maria Echávarri Zerbitzu Orokorretako zinegotzi delegatuak azpimarratu duenez, aurrekontuen luzapena "egoerarik txarrena" da.

Lan aldi bat ireki da orain, bai teknikoa, bai politikoa, partidak zehaztu eta datorren urteko kontuen onarpena negoziatzeko. Aurrekontu proiektua lehenik Gobernu Batzordean onartu beharko da, ondoren Lehendakaritza Batzordean aurkeztu eta eztabaidatzeko, eta, azkenik, Udaleko Osoko Bilkuran jorratu beharko da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!