Bihartik aurrera, hilerrirako errepidea 08:00etatik 20:00etara itxiko dute

Euskalerria Irratia 2019ko urr. 29a, 10:51

Nafarroa hiribidetik sarrera oinezkoentzat izango da, eta beste sarbide batzuetatik taxiak eta elbarrientzako txartelak dituzten ibilgailuak soilik sartu ahal izango dira

Ibilgailu partikularren trafikoa San Jose hilerrirako sarbideetan mugatuko da urriaren 30etik, asteazkenetik, azaroaren batera arte. Iruñeko Udaltzaingoak San Jose hilerrirako sarbideak kontrolatzeko ohiko dispositiboa ezarriko du Santu Guztien Eguna dela-eta, bertara joaten diren pertsonen segurtasuna bermatzeko.

Urriaren 30ean eta 31n eta azaroaren 1ean, 08: 00etatik 20: 00etara, ibilgailuentzat itxita egongo dira Nafarroa etorbideko biribilgunetik (Donibane Kirol Elkartearen ondoan), Orkoien eta Biurdana kaleek bat egiten duten biribilgunetik (Julio Caro Baroja BHI ) eta Miluzeko errepidetik (sarrerarik handiena) kanpandorrera sartzeko bideak. Nafarroa hiribidetik Donibane Kirol Elkartearen ondoan dagoen hilerrirako sarbidea oinezkoak bakarrik igarotzeko izango da beti.

Behar bezala justifikatutako baimen berezien eskaera

Taxi gidariei, Udaltzaingoak emandako baimen txartela duten loradenden ibilgailuei eta indarrean dagoen pertsona elbarriaren txartela duten ibilgailuei sarrera librea emango zaie. Ibilgailu horiek denbora mugatuan aparkatu ahal izango dute hilerriaren inguruetan. Arrazoi justifikaturen bat edo aldi baterako eragozpen fisikoren bat dutenek Udaltzaingoan baimena eskatu ahal izango dute, ibilgailu bakarra ordubetez kanpandorrearen inguruetara sartzeko.

Hilerrira iristen diren ibilgailuek Orkoien eta Biurdana kaleen elkargunean dagoen biribilgunetik abiatzen den errepidetik soilik egingo dute, Julio Caro Baroja BHI ondoan, eta Miluzeko errepidetik aterako dira, Barañaingo norabidean. Ibilbide hori bera egingo dute gidariek eta ibilgailu laguntzaileek. Hala ere, pertsonen eta, batez ere, ibilgailuen bertaratzea oso ugaria ez den orduetan, udaltzainek Julio Caro Baroja BHI ondoko biribilgunetik eta Miluzeko errepidetik pasatzen utzi ahal izango diete ibilgailuei. Egun hauetan, urteko gainerako egunetan bezala, zabalik egonen da Nafarroa etorbideko biribilgunearen ondoko disuasio-aparkalekua, San Juan Kirol Elkartearen eta Biurdana parkearen artean. Era berean, hilerritik gertu dauden San Juan auzoko bideetan aparkatzeko leku arautuak daude, bai eta gune urdinak ere, beren ibilgailuarekin bertara joaten diren pertsonen eskura.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!