Ostegunean jokatuko da Bertsokabi sariketako finala, Herriko Tabernan

Euskalerria Irratia 2019ko urr. 23a, 14:18
Irati Majuelok eta Alazne Untxalo, Mendillorriko Antzaran jokatutako kanporaketan. (Argazkia: Nafarroako Bertsozale Elkartea)

Hiru bikote arituko dira nor baino nor, txapelaren bila: Aitor Irastortza eta Xabat Illarregi, Ekhiñe Zapiain eta Josu Sanjurjo eta Irati Majuelo eta Alazne Untxalo. 18:30ean hasiko da saioa, Maialen Belarra gai-jartzaile dela.

Igaro dira aurtengo BERTSOKABI-Eugenio Arraiza Sariketako hiru kanporaketak, eta finala besterik ez da falta sariketari amaiera jartzeko. Aurreko hiru saioetako bakoitzean nagusitutako hiru bikoteak izango dira finalean kantari, nor baino nor. Hain zuzen, Aitor Iratortzak eta Xabat Illarregik, Ekhiñe Zapiain eta Josu Sanjurjok, eta Irati Majuelok eta Alazne Untxalok osatutako bikoteak izango dira oholtza gainean. Etzi jokatuko da finala, urriak 24, 18:30ean Iruñeko Herriko Tabernan. Maialen Belarra ariko da gai-jartzaile, eta publikoko bost pertsonekin batera, Joseba Beltza eta Nerea Bruñok egingo dituzte epaile lanak. Horiek denek erabakiko dute nortzuk diren 2019ko sariketan txapeldun. 

Aldaketa batzuk izango ditu finalak, orain arteko kanporaketei dagokionez. Oraingoan, ofizioka ariko dira bertsolari guztiak, zortziko txikian zein hamarreko txikian, eta bakarkako lanerako zein puntukako saiorako aukera ere egongo da. Kopletan ere ariko dira bikoteak, eta denek izango dute bertso jolas bat ere bai. Edozein modutan, ohiko saio eta saio informalaren arteko orekari eutsi nahi dio finalaren ariketa sortak.

Osotara, 16 eta 30 urte arteko hemezortzi bertsolari aritu dira sariketan zehar, bikoteka. Nafarroako bertsolari gazteei trebatzeko eta jendaurrean kantatzeko aukera emateaz gain, Iruñerriko publikoa –bereziki gazteak- bertsozaletzeko xedea du sariketak, bertsoa hiriburuko eremu informaletara eramanez. Era berean, egitasmo horren bitartez, Eugenio Arraiza (Iruñea, 1936-2015) zenaren figurari gorazarre egin nahi dio Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Ikertzaile eta eragile nekaezina, kulturgintzaren eta euskalgintzaren alor ugaritan aritu zen Arraiza; besteak beste, Nafarroako Bertsozale Elkartearen fundatzaile eta lehendakariordea izan zen urteetan.

Bigarren sariketa, txapeldun bila

2017an abiatu zuen Nafarroako Bertsozale Elkarteak Bertsokabi-Eugenio Arraiza Sariketa, Iruñeko Udalaren eta Euskokultur Fundazioaren laguntzarekin. Orduko arrakastak hauspotuta jokatzen ari da aurten sariketaren bigarren aldia, beste behin ere, Iruñeko lau gune informal bisitatuko dituena. Ordukoan Alazne Untxalo eta Egoitz Gorosterrazu bertsolariek jantzi zuten txapela. Bigarren aldi honetako txapeldun berriak osteguneko finalean argituko dira.    
 
Sariketak akuilu dira herrialdeko bertsolari gazteentzat, haien bertsogintzan sakontzeko eta publiko aurrean trebatzeko aukera ematen dieten neurrian. Gerora Nafarroan plazarik plaza ibilitako bertsolari askok eman zituzten lehen urratsak gazteentzako bertso sariketetan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!